Aretoa bete du 'Murmur' liburuaren aurkezpenak
Peru Abarka album lehiaketako liburua aurkeztu dute Markina-Xemeinen, Ane Labaka idazleak, Raquel Samitier ilustratzaileak, Markina-Xemeingo Udalak eta Erein argitaletxeak.
Joan den eguenean [urriak 24] aurkeztu zuten Markina-Xemeingo osoko bilkura aretoan Peru Abarka album lehiaketako Murmur album ilustratua. Aretoa ia beteta, 35 lagun inguru elkartu ziren aretoan, eta ekitaldia “oso-oso ondo” joan zela adierazi dute Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariek. Ane Labaka idazleak eta Raquel Samitier ilustratzaileak aurkeztu zuten liburua, Ereineko eta udaleko ordezkariekin batera; Samitierrek bertan egoterik izan ez bazuen ere, bideo bat bidali zuen azalpenekin.
Bai egileen ustez eta baita antolatzaileen ustez ere, Murmur “zoragarri” geratu da: “Bageneukan beldur apur bat, baina azkenean album saritua zoragarri geratu da. Sasoiz ailegatu da, eta eguena izateko jende nahikotxo elkartu ginen aurkezpenean”. Izan ere, lehenengoz antolatu dute lehiaketako liburu irabazlearen aurkezpena eguen batean, eta udaleko ordezkariak pozik geratu dira izan duen harreragaz: “Eguena izateko ondo egon zen aurkezpena. Gainera, Liburutegien Nazioarteko Eguna izan zen eguenean, eta horregatik, egun horretan egitea ere egokia ikusten genuen”.
Egileen eskutik egin zuten aurkezpena: “Ane Labaka egon zen bere azalpenak emateko, bera delako idazlea. Raquel ezin izan zen etorri, baina bideo oso polit bat bidali zuen bere lanen laginak erakusten, eta zelan margotu zuen azalduta”. Esaterako, liburu guztia tinta urdinez eta ikatz arkatzez eginda dago. Ikatz arkatza, gainera, berezia izan da: “Benetako ikatz arkatza izan da, ze, ez du erosi, berak egin du. Adarrak erre ditu, eta horrekin margotu du. Zoragarri geratu da”. Gainera, musikagaz lagunduta egin zuten aurkezpena, Ianire Krutxaga biolin jotzailea egon baitzen bertan.
Emaitzarekin, beraz, “oso pozik” geratu dira denak: “Udaletik oso pozik gaude, eta Ereinetik ere bai. Eta, batez ere, bi egileak ere pozik geratu dira. Sorpresa izaten da egileentzat, ze, idazleak bere lana egiten du alde batetik, eta ilustratzaileak berea, bere aldetik. Raquel, esaterako, oso pozik agertu da askatasuna eduki duelako proiektua nahi duen moduan garatzeko; ez udalak ez Ereinek ez du ipintzen inolako arazorik horretan”. Gainera, Samitierrek azaldu zuenez, behin saritua izan eta gero Labakarekin “hartu eman oso zuzena” izan zuen proiektua gehiago garatzeko.
Azaldu dutenez, albuma salgai dago liburu dendetan, eta ziurrenik, Durangoko Azokan ere izango du bere tokia. Ereinek eguaztenean [urriak 30] egingo duen aurkezpenagaz amaituko dituzte oraingoz ekitaldiak; 10:30ean, Donostiako Udal Liburutegiko bigarren solairuan aurkeztuko dute Murmur.