Bertsoa erdigunean jartzeko asmoagaz, bertso bazkaria antolatu dute Ondarroan
Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Alexander Idoeta izango dira bertsolariak. Sarrerak salgai daude Kuriken eta Antiguako Aman, 30 eurotan.
Bertso bazkaria antolatu dute Ondarroako Bertso Eskolak eta Txitxinpotxin Elkarteak zapatuan [azaroak 2], Ondarroako Antiguako Ama tabernan, 14:00etan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, herrian bertsolaritzaren presentzia handitzea da helburua: “Ondarroan ez daukagu ohiturarik bertsolaritzaren inguruko saioak antolatzeko, kalean bai, baina ez beste formatuetan. Oraingoan, bertsolaritzaren presentzia zabaltzeko asmoagaz, bertso bazkaria antolatu dugu”.
Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Alexander Idoeta izango dira bazkaria bertsoz girotuko duten bertsolariak, eta data kontuan hartuta, arimen gauaren inguruko gaiak egongo dira erdigunean. Sarrera kopuru mugatua egongo da, baina antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, sarrerak saltzen egongo dira barikura arte, Kuriken eta Antiguako Ama tabernan, 30 euroren truke.
“Bazkari honekin balorean jarri nahi dugu horrelako topaketen garrantzia, eta jendeari bertso bazkarira etortzeko deia egin nahi diegu, denok mahaiaren bueltan bertsoarekin gozatzeko aukera izan dezagun”, azpimarratu dute antolatzaileek.