Txapelak, Mugartegiren eta Lejardiren buruetara
Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak gailendu dira Elite Mailako Emakumezkoen Euskal Herriko Zesta-Punta Txapelketaren final handian, Maite Ortiz de Mendibil arabarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra 2 eta 0 menperatuta.
Elite Mailako Emakumezkoen Euskal Herriko Zesta-Punta Txapelketak bereak eman ditu, eta nola, gainera. Iragan barikuan [urriak 25], Mutriku Miruiatz pilotalekuak goi mailako zesta-punta jardunaldia hartu zuen. Final handian, Erika Mugartegik eta Arai Lejardik osaturiko bikote markina-xemeindarra gailendu zen, Maite Ortiz de Mendibil arabarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra menpean hartu ondoren.
Lehen setean, Mugartegik eta Lejardik lanak eduki zituzten; ez ziren partiduan bete-betean murgildu, eta kostatu egin zitzaien txapelketaren azkenengo hitzorduari erritmoa hartzea. Final handi baten presioa edota aurkariak baino ustez faboritoago izateak beregain dakarren urduritasuna izan zitezkeen kausak. Edonola ere, tantoz tanto, jokoan sartzen joan ziren bi markina-xemeindarrak, 7 eta 7ko berdinketa lortu arte. Une hura gako izan zen finalean, ordutik aurrera bestelako itxura bat erakutsi baitzuten, eta horrek markagailuan arrakala zabaltzea ahalbidetu baitzien.
Ortiz eta Mendibilek eta Aldazabalek, beren aldetik, lehiaketa osoan bistaratu izan dituzten sentsazioak erakutsi zituzten finalean ere: ez dira hautagai nagusiak izan, baina partiduz partidu frogatu dute maila handiko bikotea osatzen dutela; beren jokoa orekatua eta lehiakorra da. Lehiakortasun horrek, baina, ez zien galarazi Mugartegiri eta Lejardiri tantoak egiten segitzea eta, azkenean, 15 eta 9ko markagailuagaz poltsikoratu zuten lehenengo seta.
Bigarren setean, Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek ezer gutxi egin ahal izan zuten
Bigarrenean, finalaren dinamikak errotik aldatu ziren. Lehen jokoaren garaileak, estreinako jokalditik, ideiak argiago zituztela kantxaratu ziren; horrek isla argi eta garbia eduki zuen beraien jokoan. Izan ere, Mugartegik eta Lejardik erabateko nagusitasuna bistaratu zuten, pitzadurarik gabeko jokoa, eta ezieten inongo aukerarik laga aurkariei. Azkenean, 15 eta 5eko markagailuagaz gailendu ziren. Ikuslez lepo beteriko harmailak zutundu egin ziren, txapeldunak txalo zaparrada artean omentzeko. Hain zuzen ere, finalean, joandako jardunaldietan bezalaxe, zesta-puntaren jarraitzaileen harrera beroa egin zieten pilotariei.
Podiuma osatzeko lehia.
Finala baino lehen, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua jokatu zuten, etxeko puntista tartean zela. Elaia Gogenola berriatuarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak Naroa Merino tolosarraren eta Frida Watkins zumaiarraren kontra neurtu behar izan zituzten indarrak, hirugarren koskaren lehian. Finalaren atariko norgehiagoka oso polita izan zen, entretenigarria, eta puntistek jarrera aparta erakutsi zuten.
Gogenolak eta Otañok 2 eta 0 irabazita (15 eta 11, 15 eta 9) eskuratu zuten hirugarren postua
Bi bikoteetako batek ere ez zuen partidua dominatzerik lortu, baina Gogenola eta Otaño apur bat lehiakorrago aritu ziren. Merinok eta Watkinsek etengabeko presioa egin zieten arerioei, baina lehen seta 15 eta 11 galdu zuten. Berriatuarrak eta mutrikuarrak, gainera, bigarren jokoan ere ez zieten egoera iraultzeko aukerarik utzi: 15 eta 9 irabazi zuten, hirugarren postua lortzeko balio izan ziena.