Pepetxo kobazuloko sekretuak ezagutu dituzte 80 amorotar inguruk
ADES Espeleologia Elkarteko kideekin irteera egin dute herritarrek; "oso pozgarria" izan da erakutsi duten interesa.
Amorotoko txoko izkutuetako bat ezagutu zuten atzo [azaroak 10] herritarrek. Amorotoko Kultur Taldearen eta Amorotoko Udalaren ekimenez, ADES Espeleologia Elkarteko kideekin elkartu, eta Pepetxo kobazulora irteera egin zuten.
Hala, izena 60 lagun inguruk eman zuten arren, azkenean 80 inguru izan ziren Pepetxo kobazulo barrura sartu eta bertako sekretuak ezagutu zituztenak: “Kobazulo kanpoan Pepetxoren istorioa kontatu genuen, eta barruan azalpen espeleologikoak eman genituen. Amorotar askok Pepetxoren artikulua irakurrita ekarri zuten, eta hunkigarria izan zen historia hurbileko kontu hau eurentzako berpiztea, bereziki, Amix baserrikoentzako”. ADES taldeko kideentzat ere pozgarria izan zen irteera: “Oso pozgarria izan zen amorotarrei euren herriko zuloak ezagutaraztea, eta umeen artean etorkizuneko espeleologo eta zientzialarien hazia ereitea; interes handiena erakusten duen publikoa da”.