Bizkaiko Kros txapelketa irabazi du Izaro Aranburu aulestiarrak
Zamudion lehiatu zen Bizkaiko Kros txapelketa domekan [abenduak 1] eta txapelagaz bueltatu zen Aulestira Izaro Aranburu.
Bizkaiko Kros txapelketa lehiatu zen Zamudion pasa den domekan [abenduak 1], eta emakumezkoen sailkapen orokorrean Durangoko Atletismo Taldeko Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak lortu zuen txapela, 8.700 metroko lasterketan, 35 minutu eta 2 segundoko denboragaz. Helburua “ondo” beteta bueltatu zen aulestiarra etxera: “Nire helburua betidanik izan da Bizkaiko txapelduna izatea, eta entrenatzaileagaz hitz egin nuenean, biok ikusten genituen aukerak kros honetan lehen postua lortzeko. Beraz, helburuak beteta, pozik nago egindako lanagaz”.
Lasterketan zehar “gustura eta ondo” sentitu zela adierazi du txapeldunak: “Lasterketan zehar irabazteko aukerak ikusi nituen, eta azkenengo bueltan horretara joan nintzen”. Orain, Bizkaiko txapela irabazita, urtarrilean lehiatuko den Euskal Herriko Kros txapelketan dauka begirada Aranburuk: “Pasa den urtean hirugarren postua lortu nuen Euskal Herrikoan, eta aurten, lehenengo hiruren artean gelditzea da nire helburua”. Behin, Euskal Herrikoa egin ostean, urtarrilaren amaieran Espainiakora joango da, eta aurreko urteko marka hobetzea da asmoa: “Hamahirugarren postuan gelditu nintzen pasa den urtean, eta egin nuen denbora hobetzea izango da aurten nire helburua”.
Lekeitioko Tximista Atletismo taldeko Paule Garcia de Andoain Lakak 18 urtez azpiko emakumezkoen sailkapenean bigarren postua lortu zuen, 17 minutu eta 43 segundoko denboragaz, eta Beñat Garcia de Andoain Lakak 20 urtez azpiko gizonezkoen kategorian hirugarren postua lortu zuen, 17 minutu eta 11 segundoko denboragaz.
Gernikako Atletismo taldeko korrikalariek ere parte hartu zuten txapelketan, eta 16 urtez azpiko emakumeen sailkapenean bigarren postua eskuratu zuen Amaiur Etxeandia Oyangurenek, 11 minutu eta 28 segundogaz, eta bosgarren postuan gelditu zen Nile Atxa Etxeberria, 12 minutu eta 8 segundogaz. 20 urtez azpiko emakumezkoen sailkapenean lehenengo postua lortu zuen Alluitz De Bilbao Ortegak, 20 minutu eta 21 segundoko denboragaz, laugarren postua Jone Oar-Arteta Zarrabeitiak eskuratu zuen, 21 minutu eta 47 segundogaz, eta bosgarrena Diana Ilau Dobrincuk, 22 minutu eta 49 segundogaz. Gizonezkoen sailkapen orokorrean hamabigarren gelditu zen Unai Lobato Elorrieta, 31 minutu eta 47 segundoko denboragaz, eta hogeita laugarren Eneko Zabala Corbodes, 33 minutu eta 8 segundogaz.