Zapatuan Gabonetako kanpaina abiaraziko du Zatoztek
Gabonetako argiak pituaz batera emango diote hasiera zapatuan [abenduak 7] Zatoztek antolatutako Gabonetako kanpainari. 700 euroko hiru sari banatuko dituzte.
Zatozte Ondarroako Dendari eta Ostalari Elkarteak zapatuan [abenduak 7] emango dio hasiera urteroko Gabonetako kanpainari. Urtero bezala, Zatoztek jarriko ditu Gabonetako argiak herriko kaleetan, Kamiñazpitik Itsasaurreraino, eta argiak piztuaz batera emango diote hasiera kanpainari.
Bi ildotan banatu dute kanpaina elkarteko bazkideek. Alde batetik, Zatozteko bazkide dendari bakoitzak 50 euroko ekarpena egin du saria osatzeko, erosketa txartel bidez. Horrela, 700 euroko hiru sari banatuko ditu elkarteak. Elkarteko dendetan erostearen truke bezeroek txartel bana jasoko dute, abenduaren 7tik urtarrilaren 5era bitartean. Zozketa urtarrilaren 9an egingo da, Zatozteko bulegoan, 13:30ean, eta irabazleek urtarrilaren 16ra arte izango dute saria jasotzeko aukera, 14:00 arte.
Bestalde, elkarteko ostalari bakoitzak ardo sorta bana bideratuko du bigarren zozketarako, eta bezeroek abenduaren 9tik 13ra arte izango dute aukera parte hartzeko. Honen zozketa, abenduaren 14an [zapatua] egingo dute, “saridunek jaietan opariarekin topa egin ahal izateko”.
Zatoztek eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei, herrian kontsumitzeko hautua egiteagatik: “Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, Gabonetan ere herria aukeratzearren. Horregatik antolatu dugu zozketa hau, urteko fideltasuna eskertzeko”.