800 lagunetik gora elkartu ditu Kontzezio Eguneko bertso saioak
Bertsozalez bete-bete egin da Markina-Xemeingo Uni frontoia. Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi etxeko bertsolariekin batera aritu dira Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Sustrai Colina.
Hutsik egiten ez duen bertso jaialdia da Kontzezio Egunean Markina-Xemeinen egiten dutena. Amaiur elkarteak, beste behin ere, punta-puntako bertsolariak elkartu zituen atzo [abenduak 8] Markina-Xemeingo Uni frontoian, eta herritarrek, ezin hobeto erantzun dute. Kanpoan euriak eta haizeak atsedenik eman ez arren, frontoi barruan “giroa bero” egon zela adierazi dute antolatzaileek.
Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Josune Aramendi, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal aritu ziren bertsotan. Ibilbide luzeko bertsolariak denak, maila goreneko bertsoak eskaini zituzten frontoian. Ibarzabal eta Aramendi markina-xemeindarrek, gainera, euren herritarren aurrean abestu zuten; Aramendiren debuta izan zen Kontzezio Eguneko bertso saioan. Hala, ohi legez, Amaia Agirre aritu zen gai jartzaile lanetan, eta denetariko gaien inguruan abestu zuten bertsolariek.
Antolatzaileak pozik geratu dira aurtengo saioagaz ere: “820 sarrera saldu ziren; oso erantzun ona eduki zuen. Bertso saioa ere, ondo joan zen eta giroa bero egon zen. Frontoia bete egin zen”.