Euskal Kostaldeko Geoparkeak Mendien Nazioarteko Eguna ospatuko du, Mutrikun
'Udalatx. Ura eta atxa' dokumentalaren proiekzioa eta 'Mendiak, mendizaleak eta basa animaliak' solasaldia egongo da abenduaren 11an [eguaztena] Zabiel Kultur Etxean.
Aurten ere Euskal Kostaldeko Geoparkeak bat egin du abenduaren 11ko Mendien Nazioarteko Egunarekin, eta herritarrei zuzendutako ekimena antolatu du horretarako. Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean izango dute hitzordua, bihar, 19:00etan. “Nazio Batuen Batzar Nagusiak aukeratutako data honek formazio natural horien garrantzia eta handitasuna nabarmentzea du helburu. Mendien edertasuna miresteaz gain, ekosistema osasungarrien mantentzean eta haien mende dauden komunitateen bizitzan duten eginkizunari buruz kontzientziatzeko ere balio du”.
Hala, Udalatx. Ura eta atxa dokumentala proiektatuko dute, eta ondoren, filmaren zuzendaria den Eñaut Iturberekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko biologoa den Aitor Lekuonarekin solasaldian bilduko dira. Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari zientifikoak zuzenduko du Mendiak, mendizaleak eta basa animaliak solasaldia: “Mendiek eskaintzen dizkiguten onurak izango ditu aztergai solasaldiak, eta, bereziki, mendizaletasuna kultura den herrialde honetan gure mendietako animali basatien egoera aztertuko da”. Geoparketik adierazi dutenez, euskarazko saioa izango da, doako sarrerarekin
Iturbek eta Iban Ayesak zuzendutako dokumentalak 37 minutuko iraupena du, eta iazko Mendi Film Festival jaialdian estreinatu zuten. Bertan, zuzendariek Udalatx mendia babesteko deia egiten dute, “bizi izandakoengatik, bizi direnengatik eta biziko direnengatik”.
Udalatxek lehen pertsonan kontatzen du bere sorrera, itsas azpitik hasi, eta lehen gizakien garaiak ere kontatzen ditu. Gaur eguneko garaiei buruz ere mintzatzen da, “bizirik dirauela eta bere baitan biodibertsitate handia gordetzen duela ere azaltzen du kontakizunean”.
Filmaren sorkuntzan hainbat adituk parte hartu dute: Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendari zientifikoak, Alvaro Arrizabalaga EHUko prehistoriagilea eta arkeologoak, Ana Ugalde EHUko historiagileak, Markel Arriolabengoa Errez kooperatibako baso ingeniari teknikoak, Ugutz Basauri geologo eta dibulgatzaileak, Martin Arriolabengoa Geologia saileko EHUko irakasleak, Ekaitz Aranburuzabala Besaide Mendizale Elkarteko kide eta espeleologoak, Naira Corcuera Udalako Ingurumen Eskolako kideak eta Mikel Velasco artzainak.