Martxan dago Piztu Dendak argazki lehiaketa
Abenduaren 23ra arte aurkeztu ahalko dira argazkiak; 'Piztu dendak, piztu Markina-Xemein' gaiarekin lotutako argazkiak aurkeztu beharko dira.
Gabonetako argiak pizteagaz batera, argazki lehiaketa ipini dute martxan Markina-Xemeinen. Herriko komertzioak piztu eta indartzeko asmoz, eta Gabonen atarian bertoko komertzioei bultzada emateko asmoz ipini dute martxan lehiaketa.
Abenduaren 23a izango da argazkiak aurkezteko azken eguna. Piztu dendak, piztu Markina-Xemein da aurtengo gaia, eta herritarren sormena martxan ipini nahi dute antolatzaileek. Hori horrela, lehiaketan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da gaiarekin lotura duen argazki bat aurkeztea.
Egile bakoitzak argazki bakar bat aurkeztu ahal izango du. Horretarako, argazkia Facebook edo Instagramera igo beharko da #piztudendak2024 traola erabiliz, edo 688 84 49 95 telefono zenbakira bidali beharko da, Piztu dendak 2024 testuagaz. Argazkiak ez du testurik eduki beharko, eta ez dute argazki muntaiarik onartuko.
Udal ordezkariek eta Hemen Be Bai merkatari elkarteko kideek osatuko dute epaimahaia. Guztira hiru sari banatuko dituzte, eta denak ere, herriko komertzioetan erabiltzeko bonoak izango dira. Lehenengo saria 125 euroko bonoa izango da; bigarrena, 75 eurokoa; eta hirugarrena, 50 eurokoa. Epaileek argazkiek kalitate edo maila nahikorik ez dutela erabakiz gero, sariak hutsik geratu ahalko dira. Epaileen erabakia Gabon jaiak amaitu orduko jakinaraziko dute, udalaren sare sozialen bitartez.