Memoriaren zatiak berreraikitzen
30 herritar inguruk parte hartu dute 'Emakumeak 1931-1939' erakusketaren irekiera ekitaldian; Iñaki Berazategi larrabetzuarrak eman du hitzaldia. Erakusketa ikusgai egongo da martxoaren 15era arte.

Joan den barikuan [otsailak 28] ireki zituzten Emakumeak 1931-1939 erakusketako ateak, 30 herritar ingururen arretagaz. Ahaztuen Oroimena taldeak eta Larrabetzu Oroimena taldeak elkarlanean antolatu dute erakusketa, Markina-Xemeingo Udalaren babesagaz; larrabetzuarren erakusketari sei panel gehitu dizkiete eskualdeko historiazaleek. Hala, ikusgai egongo da erakusketa Markina-Xemeingo Karmeldarren aretoan martxoaren 15era arte, eguen eta barikuetan 18:00etatik 20:00etara eta zapatu eta domekatan, 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketagaz “emakumeak protagonista nagusi” izan ziren garai historiko horretako memoriaren zati hura bisualki berreraikitzen saiatu dira: “1931n, Espainiako Monarkiaren abolizioaren ondoren, emakumeen eskubide eta askatasun guneak izateko bidea ireki zen. Errepublikak bide eman zion eta Dibortzioaren legea, sufragio aktiboa eta antzekoak zegozkion lekura ekartzeko aukera eman zen. Faxismoak, orduan ere, emakumeen eskubideak eta emantzipazio prozesua eten zuen, errebolta militarrarekin eta ondoriozko 1936ko Espainiako Gerraren eraginez”.
Erakusketa inauguratzeko bertan izan ziren larrabetzuarrak ere, eta Iñaki Berazategik eduki zuen hitzaldia emateko ardura. Hala, azaldu zuenez, erakusketan ikusgai dauden argazkietako asko argitaratu gabeak edo gutxi ezagutzen direnak dira; irudien jatorrizko formatua eta ezaugarriak errespetatzen ere, saiatu dira.
Karmeldarren aretoan dagoen erakusketak badu berezitasun bat: “Bereziki, hemen inguruan kokatutako argazki batzuk aurkeztu genituen, besteak beste, baserri lanetan ari direnen argazki bat (Aizmendi Torren eta Arrixan), Faxistentzat zereginetan aritzen zirenen argazki bat Mandiolan, Saturraranen emakume errepresaliatuak eta lantegi lanetako sindikatuen afiliatuak”.
Erakusketa martxoaren 15era arte ikusgai egoteaz gain, martxoaren 8aren testuinguruan lanketak eta bisitaldiak antolatzen ari da Ahaztuen Oroimena taldea. Hala, azalpenak ematearen ardura Pedro Olabarria Txasio markina-xeemindarrak edukiko du.