Eguraldiari aurre egin, eta umeen eguna gogotik ari dira ospatzen Markina-Xemeinen
Puzgarriak eta kirol egokitua lekualdatu badituzte ere, umeek goi-goitik ospatu dute euren eguna. Arratsaldean tirolina, ginkana, erraldoien kalejira eta ikuskizuna egongo dira umeentzat. Bestalde, txosnagunean lapurretan egin dutela salatu dute.

Eduki dute euren momentua gazte nahiz nagusiagoek, eta heldu zaie umeei ere gogotik gozatzeko eguna. Karmen jaietan bete-betean murgilduta dabiltza markina-xemeindarrak, eta gaur [uztailak 14] umeen txanda izan da, euren eguna ospatu baitute. Eguraldiak goiza apur bat baldintzatu badu ere, ez da oztopoa izan jaiak goi-goitik ospatzen jarraitzeko.
Eguraldiaren ondorioz puzgarriak eta kirol egokitua lekualdatu behar izan badituzte ere, ume ugari elkartu da goiz guztian ekintzetaz gozatzeko asmoz. Kemen elkartea izan da kirol egokituak gidatu dituena; desgaitasuna duten eta ez duten pertsonez osatutako kirol kluba da, eta desgaitasuna duten pertsonei kirol hastapenean laguntzen diete. Hala, umeek kirol ugari probatzeko aukera eduki dute.
Erraldoirik egon ez bada ere, buruhandiek irrika sortu die umeei. Alarabiren kalejirak ere emozioz bete ditu herriko kaleak, Markina-Xemeingo trikiti eskolako eta Tarine Udal Musika Eskolako trikitilariekin batera.
Arratsaldean ere, umeek gozatzen jarraituko dute. 16:30etik 19:30era tirolina eta ginkana egongo dira Leaktibairen eskutik. 17:30ean, aldiz, erraldoien kalejira egingo dute dultzaineroekin batera, Goikoportaletik hasita, eta 19:30ean Esna Gazte! ikuskizuna egongo da Arkupean: “Egungo eta betiko abestiekin dantza egin eta familiarekin gozatzeko aukera egongo da”. Tartean, nagusiagoek ere edukiko dute zer egina: 16:00etan Mus eta Briska Txapelketak egongo dira, frontoi txikian.
Bestalde, Markina-Xemeingo txosna batzordeak sare sozialen bitartez jakitera eman dutenez, txosnagunean lapurreta egin dute: “Beste urte batez txosnagunean lapurretan egin dute, eta ordenagailua ostu dute”. Hala, Markina-Xemeingo herri mugimenduaren aurkako erasoa dela salatu dute.
Kirola, aukeran. Herri bazkariaren eta Herritxouaren ajeak kirol ekintzen inguruan igaro zituzten herritarrek atzo [uztailak 13]. 12:00etan Iparraldeko herri kirola egin zituzten Zelaian. Ostean, IX. Hiru Txirlo bola joko txapelketa lehiatu zuten 53 bolarik. Denen artean onena Asier Azkarate izan zen, zortzi txirlogaz. Atzetik geratu ziren Jon Aransolo eta Jose Angel Fernandez, seina txirlogaz. Laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan Sergio Rodriguez, Anartz Esteban eta Mirari Azkue geratu ziren, bost txirlogaz. Federatu gabeko onena, aldiz, Jose Andres Arrate izan zen, lau txirlogaz. Egunagaz amaitzeko, Markina-Xemein Grand Slameko finala eta Mariatxi Los Tenampas taldearen kontzertua egon ziren.
































































































































































































































































































































































































































































































