Gozamena eta politika eskutik doazenean
Boga-Boga Ondarroako Emakumeen Elkarteak 30 urte bete dituen honetan, taldea osatzen duten andreei aitortza eta omenaldia egiteko asmoz, ‘Boga-Boga zahartzaro feministarantz’ dokumentala estreinatuko dute gaur, Feministaldian. Taldearen ibilbidea, adineko emakumeen ahalduntzea, eta gozamenerako eskubidea mahaigaineratzen ditu dokumentalak, testigantza kolektiboen bitartez.
Udane Barinagarrementeria, Mijo Lizarzaburu, Miren Bilbao, Maria Dolores Iparragirre eta Maribi Badiola. Enpatia, zaintza, autoestimua, familia, laguntasuna, gozamena eta poza. Zerrenda luzea idatzi dezakete Boga-Boga Elkarteko kide diren Maribi Badiola Egigurenek, Maria Dolores Iparragirre Gandiagak eta Miren Bilbao Lersundik taldea bera definitzerakoan. Aurten, 30 hamar urte bete ditu elkarteak, eta urte guzti horietan adineko emakumeen arteko topagune eta babesleku izan da bertako kideentzat. Orain, Boga-Boga zahartzaro feministarantz dokumentalaren estreinaldiagaz, bere sustraietara eta partaide bakoitzari emandako guztiari begira jarri dira kideak. Mijo Lizarzaburu Garciak eta Udane Barinagarrementeria Lakak zuzendutako ikus-entzunezkoaren bitartez, Ondarroako andreei aitortza egiteko aitzakia izan da gaur estreinatuko duten lana, feminismotik eraiki duten familiari omenaldia egin, eta ahalduntze kolektiboaren balioa azpimarratuz; beti ere, gozamenari lekua emanez.
Duela urte batzuk ezagutu zuten bi zuzendariek elkartea; Barinagarrementeria bertako dinamizatzaile lanetan hasi zen, eta Lizarzaburuk feminismo materialistari buruzko hitzaldia eman zien. Biek ala biek ondo gogoratzen dute elkarteko andreekin maitemindu ziren unea: “Leku ezberdinetatik izan genuen lehenengo kontaktua Boga-Bogako andreekin, baina segituan konturatu ginen Ondarroak nolako altxorra zeukan herrian. Andreekiko errekonozimendu eta aitortza falta izugarria ikusi genuen, eta zerbait egin behar genuela konturatu ginen. Urtebete bueltaka egon ondoren, dokumentalaren ideia bururatu zitzaigun”, azaldu du Lizarzaburuk.
Mijo Lizarzaburu eta Udane Barinagarrementeria: Andreekiko errekonozimendu eta aitortza falta izugarria ikusi genuen, eta zerbait egin behar genuela konturatu ginen.
Barinagarrementeriak dokumentalean islatu nahi zituzten lau erpinak zehaztu ditu: “Alde batetik, ikusten genuena Boga-Boga bezalako proiektu batek ez zeukala merezi bezalako errekonozimendurik, herri mailatik hasita. Ondarroako andreen ahalduntze kolektiboak ez zeukan baliorik herrian; beraz, aitortza bat egiteko unea zela argi geneukan. Beste aldetik, dokumentazio lan bat ere egin nahi genuen, ze, urte askotako lana dago honen atzean, eta ez zegoen inon jasota. Horrez gain, subjektu feministaren irudia zabaldu nahi genuen; hau da, subjektu feministaren inguruan pentsatzen dugunean, gorputz konkretu batzuk etortzen zaizkigu burura, eta beraz, adineko emakumeen praktika feministei aitortza egin nahi genien subjektu feministaren barruan, nolabaiteko ikusgarritasuna eman. Eta amaitzeko, egin duten lanaren trukean, omenaldia egin nahi genien Boga-Bogako andreei, feminismoari egunero egiten dioten ekarpenagatik”. Bi zuzendariek bat egin dute helburuak laburbiltzean: “Patriarkatuak jarritako errekonozimendu falta historikoari buelta eman nahi genion”.
Hala, hasiera batean, elkarteko kideek Barinagarrementeriak eta Lizarzaburuk egindako proposamena “errespetutik” hartu bazuten ere, elkar animatuz, kamera aurrean jarri ziren andreak. “Lehenengo, errespetua eta beldurra eman zigun proposamenak. Egia esan, inoiz ez gara kamera aurrean jarri. Baina, gero, buelta batzuk eman ostean, nik neuk behintzat, aukera gisa ikusi nuen. 30 urtetan nabil taldean, eta inor inoiz ez da arduratu honen inguruan hitz egitera. Eskerrak Mijori eta Udaneri, eurengatik izango ez balitz, ez genuen lortuko dokumentala egitea”, azaldu du Iparragirrek. “Kostatu zitzaigun konbentzitzea, batez ere, Maribi. Kar-kar-kar”, gehitu du Lizarzaburuk. “Ez pentsatu, horrenbeste ere ez. Nik ez esaten badut, ez da-eta. Kar-kar-kar”, erantzun dio Badiolak.
Maria Dolores Iparragirre: Lehenengo, errespetua eta beldurra eman zigun proposamenak. Egia esan, inoiz ez gara kamera aurrean jarri. Baina, gero, buelta batzuk eman ostean, nik neuk behintzat, aukera gisa ikusi nuen.
Gaurkoa, omenaldia. Feministaldiaren baitan, 19:00etan hasiko da dokumentalaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. Egun bereziak, plan berezia dakarrenez, goizetik joango dira Donostiara Boga-Bogako andreak: “Egun oso polita izango da; gainera, egun guztia elkarrekin pasako dugu. Mariasun Ramos ere, elkartearen sortzailea, gurekin egongo da”. Hain zuzen ere, Ramos izango da dokumentala proiektatu aurretik lehenengo hitza hartuko duena, eta gero, bi zuzendariek ikus-entzunezkoaren nondik-norakoak azalduko dituzte: “Ondoren, dokumentala proiektatuko dugu, eta amaitutakoan, andra guztiak oholtzara igoko dira. Momentu horren zain gaude bi zuzendariok, eurak oholtzara igo eta publikoak txalo zaparradaz hartzeko”.
Zuzendariek argi zeukaten modu formalean aurkeztu nahi zutela dokumentala: “Andra hauek txalo egitea merezi dute, eta ahal den eta espazio normatiboenean errekonozimendu hori jasotzea nahi genuen. Izan ere, ohorezko momentua izatea nahi dugu, soilik beraientzat izango dena. Andra hauei txalo egitea, belaunaldi oso bati txalo egitea bezala izango da”. Barinagarrementeriak eta Lizarzaburuk azaldu bezala, inoiz txalorik jaso ez dutenei eta beti besteei txaloka dabiltzanei aitortza egiteko momentua izango da: “Beti zabiltzate jendeari txaloka, eta niri atentzio handia deitu izan dit beti. Norbait sartzen da, eta txalo, zerbait bukatzen da, eta txalo. Zenbat aldiz egiten duzue txalo? Orain, zuen momentua da, txalo zaparrada jasotzeko“.
Bilbaok onartu duenez, “zirrara” berezia sortzen dio egindako guztiak: “Asko hunkitzen nau guzti honek, eta nahikoa hotza naiz, kar-kar-kar. Asko ikasten nabil, baita barruan dudanari buruz asko hitz egiten ere. Ezin izango naiz gaurko estreinaldian egon, eta pena handia ematen dit. Hala ere, taldeak egunerokotasunean ematen didan guztiagaz gelditzen naiz”.
Miren Bilbao: Asko hunkitzen nau guzti honek, eta nahikoa hotza naiz, kar-kar-kar. Asko ikasten nabil, baita barruan dudanari buruz asko hitz egiten ere.
Asko ginen, asko gara. Boga-Boga Emakume Elkarteak, beste zenbait gauzen artean, ereserki propioa ere badauka, eta hortik abiatzen da dokumentala. Aurtengo martxoaren 8an abestu zuten oholtza gainean, eta txalo zaparrada artean erantzun zieten eszenatoki azpian zeuden gainerako feministek: “Alkartu gaitezen andrak, asko ginen, asko gara, Ondarroako lagun talde bat gara Boga-Boga”.
“Guztion artean adostu genuen dokumentalean zein gai jorratu nahi genituen. Bertan, elkartearen ibilbidea jasotzen da, Instituto Social de la Marinatik Etxelilara artekoa. Zaintzari buruz ere hitz egiten da, baita Boga-Bogaren egungo jardunari buruz ere. Horrez gain, asko azpimarratzen da zer-nolako babesa aurkitu duten lagun talde honetan, eta familia egituretatik kanpo, feminismotik eraikitako bigarren familia izateak duen garrantziaz ere jardun dira. Gero, formazioari buruz ere hitz egiten da, kontzientzia feminista nola joan ziren garatzen”, adierazi du Barinagarrementeriak. Talde babesaren garrantzia ere azpimarratu du Lizarzaburuk: “Momentu askotan hitz egiten dute beraien adineko gainerako emakumeekin daukaten harremanari buruz, talde honek zenbat ematen dien beraiei ikusten dutelako, eta aipatutako jende horrek ez dauka eurak daukatena”.
Ateak zabalik dituztela gogora ekarri du Iparragirrek: “Feminista erradikaltzat gaituzte gure adineko emakume askok, eta ez badute Boga-Boga ezagutzen, ez dute jakingo zer galtzen duten. Probatu, etorri eta ezagutu. Ateak zabalik dauzkagu”. Beldurrik ez izateko gehitu du Badiolak: “Arriskutsuak garela diote, baina gu nola izango gara bada, arriskutsuak?”.
Betidanik feminista. Gaur egun, hamalau kidek osatzen dute Boga-Boga, eta hastapenetatik bertan dagoen kidea da Iparragirre: “Hasieran, Instituto Social de la Marina zegoen, eta emakume bat etorri zen Ondarroara. Ikusi zuen herrian ez zegoela emakumeak elkartzeko lekurik, eta horretarako espazioa sortu zuen. Sukaldaritza eta josten ikastera joaten ziren emakumeak bertara. Gero, 1989. urtean Mariasun Ramos etorri zen, eta Centro de Promocion de la Mujer sortu zuen. Orduan hasi nintzen ni”. Gutxinaka, forma hartzen joan zen taldea. Gainera, garai hartan 60 lagun inguru batzen ziren: “Kontzientzia feminista hartzen joan ginen, eta gero, denbora batera, Etxelilan antolatzen hasi ginen. Interesatzen zitzaizkigun gaien formakuntza hartzeaz gain, elkarrekin planak egiten genituen, gaur egun bezala: bidaiak, museoak, antzerkiak…”.
Maribi Badiola: Arriskutsuak garela diote, baina gu nola izango gara bada, arriskutsuak?
Sahara, Mexiko, Alemania, Praga… denetarik bisitatu dute Boga-Bogako andreek, “kontinenteen artean, Ozeania falta zaie bakarrik. Kar-kar-kar”, esan du umoretsu Barinagarrementeriak. “Azken urteetako funtzionamenduari dagokionez, Boga-Bogak dinamizatzailea izaten jarraitzen du, eta ikasturtean ze ezinegon, gai edota hausnarketa landu eta egin nahi dituzten pentsatzen dugu. Horren araberako programazioa osatzen dugu; saio batzuk dinamizatzaileek ematen dituzte eta beste batzuk kanpotik lotzen ditugu”. Barinagarrementeriak esan bezala, Boga-Bogako kideen kasuan, “ardatz garrantzitsu bat” kultura da; izan ere, ibilbide akademikoa ukatu zaien belaunaldia dira: “Hasieran ez nuen ulertzen zergatik nahi zuten kulturan hainbeste sakondu: museoak, antzerkiak, artearen historia, idazleak… Gero konturatu nintzen hori guztia ezagutzeko aukerarik izan ez zutelako zela”. Horrez gain, alderdi afektibo-emozionala ere lantzen dute, sexualitatetik hasi eta norbere emozioak askatzera arte.”Kulturalki hazteko debekua izan dute, emozioez hitz egitekoa, baita euren ongizatea erdigunean jartzekoa ere, beti egon baita familia guztiaren ongizatea beraienaren aurretik”, zehaztu du Lizarzaburuk.

‘Boga-Boga, zahartzaro feministarantz’ dokumentala
Enpatia hitza entzun zuten aldiaz gogoratzen dira taldeko kideak, eta hitzari berari bueltaka egindako hausnarketak partekatu ditu Iparragirrek: “Ez nekien zer zen enpatia, eta inpresio handia egin zidan hitzaren esanahia ezagutu nuenean. Talde honetan nire burua maitatzen ikasi dut. Finean, bigarren familia bat da niretzat, ze, askatasuna daukagu nahi dugunaren inguruan hitz egiteko, eta gure emozioek lekua daukate. Gainera, badakigu hemen kontatzen dena hemen gelditzen dela, eta hori, luxu bat da. Boga-Bogak asko eman dit, lagun talde bat gara, eta gozatu egiten dugu elkarrekin. Bakardade asko batu eta bakardadea bera desagerrarazi dugu. Zahartzaroak eta orokorrean Boga-Bogak feminismoan oinarritutako askatasuna eman digu”.
Duela bi urte sartu ziren taldera Badiola eta Bilbao, eta bietako inork ez dauka asmorik hortik ateratzeko. Izan ere, “poztasuna” izan da Bilbaok taldea definitzeko erabili duen hitza: “Ez nekien feminismoa zer zen. Alabak esan zidan hona etortzeko, etxean sartuta ez egoteko. Etorri nintzen, eta hemen jarraitzen dut. Niretzat poztasuna da Boga-Boga; ondo pasatzen dugu, eta elkarren arazoei eta poztasunei buruz hitz egiten dugu. Hemendik irteten naizen bakoitzean esaten dut: ‘zelako gustura nagoen andra hauekin!’”.
Badiolak aipatu du elkar lagundu eta babesteko espazioa ere badela: «Lehen ere banintzen feminista, baina orain gehiago, jakina. Eskolan baino gehiago ikasten da hemen, kar-kar-kar. Elkar lagundu eta babesteko espazioa da; finean, norbera izateko leku bat. Orain, zahartzaroan, inoiz baino askeagoa naiz».
Andrak, eredu. Eredu hitza aipatu dute Barinagarrementeriak eta Lizarzaburuk, hori baita Boga-Bogako andreekin pentsatu eta burura etortzen zaien lehenengo gakoa. “Gozamenak leku garrantzitsua dauka Boga-Bogan, eta politika eta gozamena batera joatea egiten du”, zehaztu dute biek.
“Irakaspen handia izan da guretzat; gure belaunaldia sakrifizioan oinarritutako militantzia eredu batetik dator, eta guretzat militantzia eta gozamena elkarrekin doazela ulertzeko eredua izan dira, batak bestea elikatzen baitu. Gozamenak ez du zentzu politikoa desagerrarazten, alderantziz baizik. Gure zahartzaroa imajinatzeko eredua dira. Finean, zahartzaroan feminismotik eragiteko eredua”.