Markina-Xemeingo Tate gozotegiko panettonea, onenen artean
Iberiar penintsulako panettone artisauen lehiaketako hamar onenen artean sailkatu dira, eta eguaztenean [urriak 19] Italian lehiatuko den finalerako txartela eskuratu dute.
“Zapore, lan eta bihotz guztiarekin egina”. Halaxe deskribatu dute Markina-Xemeingo Tate Gozotegiko kideek euren panettonea, eta deskribapenak bat egin du zaporearekin. Izan ere, IRCA enpresak antolatzen duen Iberiar penintsulako panettone artisauen lehiaketako hamar onenen artean dago Tatekoa.
Guztira 300 partaide baino gehiago eduki ditu lehiaketak, eta epaileek hamar aukeratu dituzte. Hala, horien artean hautatu dute Markina-Xemeingoa ere, eta eguaztenean [urriak 19] final handia lehiatzera joango dira panettonearen sorlekura, Italiara, hain zuzen ere. Tateko arduradun Martxel Iridoik Euskadi Irratian esan duenez, finalerako “urduri baina gogotsu” daude: “Prestatzen ari gara finalerako. Panettonea hemen egingo dugu, ze, prozesu luzea dauka. Interesgarria izango da panettonearen sorlekuan lehiatzea munduko onenekin. Hango postre tradizionala da, eta italiarrak maisuak dira horretan. Hemen, azken urteetako kontua da”.
Italian munduko panettoneen aukeraketarik onena elkartuko da, izan ere, herrialde bakoitzak bere hautagai onenak eroango ditu. IRCAren lehiaketa izan da Euskal Herriko hautagaiek eman behar izan duten lehenengo pausua: “Kanporaketa proba izan da, eta panettone klasikoa egin behar izan dugu, frutaduna, laranja, limoia eta pasekin. Milaneko finalean beste bi froga egongo dira. Alde batetik, txokolatedun panettonea aurkeztu beharko dugu, eta bestetik, frutaduna, baina ez klasikoa”.
Duea lau urte egin zituzten panettonea egiteko lehenengo saiakerak, eta urtebetez egiteari utzi zioten arren, iaz berriro ekin eta esfortzuak fruituak eman ditu: “Udazkeneko sasoi honetan lan asko edukitzen dugu: turroiak, mazapanak… eta beraz utzi egin genion egiteari. Hala ere, iaz berriro heldu nion erronka honi, eta ondo atera zitzaigun. Jendeak oso ondo erantzun zuen, eta aurten ere gogoz heldu diot”. Hala, “oso pozik” daude lehiaketan aurrera egin izanaz, eta produktua are gehiago hobetuta eroango dute Milanera.