Hitanoak behar duen bultzada
Herriz herriko zein Euskal Herri mailako eragile ezberdinak hitanoaren transmisioa sendotzen eta belaunaldi arteko zubiak eraikitzen ari dira. Bide horretan, mugarri izan da azaroaren 8an ZirHika taldeak Markina-Xemeinen ospatutako topaketa.
Euskararen geruzarik informalenetakoa eta zaharrenetakoa izanik, gero eta presentzia txikiagoa izan du azken hamarkadetan hitanoak Euskal Herrian. Hala ere, badago mugimendua: ZirHika taldearen sorrera, herriz herriko dinamikak, euskara taldeen inplikazioa… Gaur egungo hitanoaren egoeraz eta etorkizunaz jardun dira ZirHikako kide den Ibon Aginaga (Markina-Xemein) eta Aulestiko Euskara Taldeko Aintzane Arrieta.
2023an Oñatin ospatutako lehenengo Hika Topaketan parte hartu zuen Aginagak, betidanik izan da-eta, euskara arloko militantea. “Oñatiko topaketan paper bat banatu ziguten balorazioa egin, eta interesa genuenok hikaren inguruan zebilen mugimenduan parte hartzeko. Handik denbora gutxira elkartu ginen lehenengoz, eta lehenengo bileretan zerbait formalagoa sortu nahi genuela erabaki genuen. Hortik sortu zen ZirHika”. Hala, Euskal Herrian hika bultzatzeko taldea sortu zuten, lehenengo Hika Topaketa abiapuntutzat hartuta: “Hika bultzatzeaz gain, nokak daukan presentzia baxuari ere heldu nahi genion. Izan ere, gizartearen isla da noka eta tokaren presentzia: toka oraindik kalean dabil, jendearen ahoetan, eta noka, zokoratuago gelditu da. Beraz, gure helburua da hika bere osotasunean indartzea, baina bereziki noka berpiztea”.
2024an sortu zuten ZirHika taldea, eta nahiz eta aurkezpen formala 2025an egin, ordurako bazeuzkaten zenbait ekintza antolatuta: “Lehen plazaratze publikoetako bat iazko Durangoko Azokan izan zen. Euskal Herriko lehenengo Hikadromoa antolatu genuen, eta 75 lagun etorri ziren. Aurtengo erronka 150 lagun biltzea da”. Beraz, abenduaren 6an Durangoko Landako Eskolan batuko dira 14:30ean, elkarren artean hika praktikatzeko: “Zirhikatik, interesa duen oro gonbidatu nahi dugu bigarren Hikadromora. Giro ederra egongo da”.
Bigarren topaketak
Oñatik Markina-Xemeini eman zion testigua, eta aurten, azaroaren 8an, Uhagon Kulturgunean batu ziren hikaz hitz egin, hausnartu eta aurrera begirako erronkak identifikatzeko: “Bigarren topaketa egiteko, Nafarroa edo Bizkaia artean ibili ginen, eta azkenean, Lea-Artibai aukeratu genuen, arnasguneetan arnasguneena delako. Markina-Xemeinen elkartu ginen eskualdeko herritarrok; Ziortza-Bolibar, Aulesti, Etxebarria… herri txikietan hika oraindik indartsuago bizi baita”.
Aginagaren hitzetan, bi helburu nagusi zituen topaketak: hikaren bueltako eragileak saretu eta hika bera indartu eta sustatzea. “ZirHikatik topaketaren balorazio positiboa egin genuen, eta orain, Markina-Xemeinek Lesakari pasa dio testigua, bi urte barrurako”. Topaketan hartu zuen parte Aintzane Arrietak, Aulestiko Euskara Taldeko kide gisa. “Goizeko lehenengo mahai-inguruan parte hartu nuen, eta bertan, Euskal Herriko errealitate ezberdinak plazaratu ziren. Oso interesgarriak izan ziren goizeko mahai-inguru biak, eta Aulestiko Euskara Taldetik proposamen bat eraman genuen bertara. Izan ere, Aulestin Euskaraldian parte hartzea ez da erronka modura ikusten, eta uste dugu Aulesti bezalako arnasguneetan, beste erronka batzuk ezarri beharko liratekeela Euskaraldian: zuzen hitz egin, zuzen idatzi… Hau da, arnasguneak diren herri edo eskualdeetan Euskaraldiak beste forma bat hartu beharko lukeela uste dugu”.
Aurten, gainera, Euskaraldiaren barnean Hikaldia ere egon dela gogorarazi du Arrietak: “Euskaraldian parte hartzea erronka bezala ikusten ez den arren, Hikaldian parte hartzea bai ikusten da horrela. Jendea ilusioz apuntatu da Hikaldira, eta ahalegindu egin da. Hikaldiaren balorazio positiboa egiten dugu Aulestiko Euskara Taldetik; izan ere, 200 lagunek eman zuten izena Eukaraldian eta 147 lagunek Hikaldian”. Gainera, Euskaraldiaren lanketaren barruan, zenbait gauza antolatu zituzten Aulestiko Euskara Taldeko kideek: “Hika Eguna ere antolatu genuen, eta 80 lagun inguruk parte hartu zuten. Mahaietan jarri ginen, launaka, eta hikan hitz egin genuen gai ezberdinei buruz. Horrez gain, Aulestitik podcast proiektu berria ere jarri zuen martxan udalak, eta momentuz, lau grabatu ditugu. Horietatik hiru hitanoari buruz izan ziren, motorrak berotzen joateko”.
ZirHika taldekoek ere “oso ondo” baloratu dute Hikaldiaren ideia berria: “Taupari proposatu genion, eta begi onez ikusi zuten. 83 herrik eman zuten izena Hikaldian, eta guztira 19.000 pertsona apuntatu ziren. Hala ere, nahi baino gutxiago zabaldu zen, eta uste dugu oraindik gehiago izan ahal zirela. Oso ondo funtzionatu zuen, eta datorren Euskaraldirako ere ideia horri bueltaka gabiltza, nahiz eta ez dakigun oraindik Euskaraldiaren barruan egin edo ez”.
Gogoa eta mugimendua
Euskararen antzinako geruzak eguneratzeko modua da hitanoa; finean, Euskal Herriaren historia transmititzeko hurbileko tresna. Aginagak zein Arrietak argi daukate: “Gogoa badago, eta mugimendua ere bai”. Hika biziberritzeko ezinbestekoak dira bientzat komunitatea, erabilera eta ausardia. “Pausoak ematen ari gara, herriz herri, eta haria ez da eten: tokak eta nokak etorkizunari begira badaukate lekua Lea-Artibain, baita Euskal Herri osoan ere”.
