"Hizkuntza politiken alorrean atzerakada argia ikusten ari gara"
Esparru publikoak hizkuntza eskubideen defentsan eta euskararen normalizazioan "aitzindaritza eraman" behar duela azpimarratu du Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.
Argazkia: Hizkuntz Eskubideen Behatokia Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka Erauskin bermeotarrak euskararen inguruko politiken nondik norakoak sobera ezagutzen ditu, hala arlo publikoan, nola pribatuan.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak dituen datuen arabera, zein da euskararen egoera gaur egun?
Euskara ofiziala den eremuetan, askok diote herritarrek euskaraz bizitzeko aukera dutela, baina ez direla euskaraz bizi. Baina guk, jasotako datuekin, igarri dugu jendearen borondatea badagoela, baina herritarrek ez dauzkatela beti euskaraz bizi ahal izateko beharrezko baldintzak. Batzuetan, horrek zerikusia du euskararen ezagutza mailagaz, alegia, jende pila batek oraindik ez du beharrezko ezagutzarik. Beste maiz, antzeman dugu euskaraz normaltasunez jarduteko neurri eza dagoela, eta horrek herritarrak oztopatu egiten dituela.
Euskararen eskubideen egungo egoerak ba al du aurreko urteetako joeren eragin zuzenik?
Bai, noski. Eragina argia da. Instituzioen hizkuntza politikak, eremu publiko zein pribatuan aplikatuta ere, eragin zuzena du euskararen egoeran, baita hizkuntzaren etorkizunean ere. Lege babesa handitzeko neurriak hartu ezean, egungo egoerak are txarragora egiteko aukerak hauspotu egingo dira. Duela zenbait urte, neurri eraginkor batzuk hartu ziren, baina gerora geldi edota ia ezerezean geratu dira; horrek geldotzea ekarri du, euskara larrialdi egoerara eroan duena.
Eta larrialdi egoera horrek eragina izan dezake etorkizunean.
Jakina. Ez gara soilik orainaz ari, baita aurrez aurre dugunaz ere. Ipar Euskal Herrian edota Nafarroa Garaian hizkuntza politiken alorrean atzerakada argia ikusten ari gara; badago kezkarako motiborik. Neurriak hartzeko borondatea agertu izan denean, oldarraldia pairatu izan da: politiko, mediatiko eta judiziala. Hiruon baturak euskararen aldeko neurri bakoitza oztopatu du. Espainiako administrazio guztiek Europako Gutxiengoen Hizkuntzen Gutunean zehazturikoa bete beharko lukete. Gutun horrek argi uzten du euskararen alde eginiko lanketa ez dela elebakartasunarekiko edota, kasu honetan, gaztelaniarekiko diskriminatzailea.
2024ko Hizkuntza Eskubideen Egoera txostenean 1.206 intzidentzia jaso zenituzten; horietatik 1.112 kexak izan ziren.
Kontrajarria dirudien arren, herritarrak babestuen sentitu beharko liratekeen eremuetatik iristen dira kexa gehien: Bizkai, Araba eta Gipuzkoako administrazio publikotik. Jendeak horietako administrazioekin erlazionatutako kexak helarazten dizkigu, eremu publikoa delako eta euskara ustez ofiziala delako bertan. Eremu pribatua ere aipatu behar da: merkataritza enpresa handiak, funtsean. Oinarrizko zerbitzuak ematen dituztenak (argia, ura, telefonoa…) ere badira; horiek hizkuntzarekiko lege betebeharrak dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Nafarroa Garaian zein Ipar Euskal Herrian, hezkuntzagaz erlazionaturiko kexa asko jasotzen dira. Osterantzean, aisialdi eskaintza da kexen foku nagusietako bat. Adibidez, Zinema Euskaraz-egaz batera kaleraturiko datuek diote zinema eskaintza komertzialetan %2ra ere ez dela iristen euskarazko ekoizpenen film eskaintza.
Herritarrei oker denak salatzen segitzeko deia luzatzen diezue?
Bai. Berez, kexak jasotzea ez ezik, herritarrak eurak aktibatzea dugu jomuga. Garrantzitsua da herritarrek beraien eskubideak defendatzen jarrai dezatela, hizkuntzaren arloari helduz. Hori funtsezkoa da, herritarren arteko berdintasunaz ari garelako: gaztelaniaz normaltasunez bizi garen heinean, normaltasunez bizi beharko ginateke euskaraz ere. Horretarako, edozein hizkuntza urraketaren aurrean oztoporen bat detektatuz gero, Euskararen Telefonoa erabiltzeko gonbita luzatzen diegu euskal herritarrei. Ahalduntze hori beharrezkoa da eta, halaber, guk ahalik eta espazio gehienetara iritsi gura dugu.
Osasungintza, segurtasuna, zaintza eta hezkuntza. Pareko gabeziak, pareko erronkak?
Denak eremu publikokoak dira. Esparru publikoak hizkuntza eskubideen defentsan eta euskararen normalizazioan aitzindaritza eraman behar du, eta eremu pribatuaren eredu izan behar da. Egun, Enplegu Publikoaren Legea eztabaidagai da; Osakidetza modukoek orain arte eroan duten bideak zerikusia du lege horrekin. Izan ere, hainbat dira euskararen ezagutza beharrezkotzat ez duten lanpostuak. Jasotzen ditugun kexa asko hutsune horien ondorio dira. Postu publikoek euskararen ezagutza eduki beharko lukete, herritarrak euskaraz artatua izateko eskubidea izateko. Hizkuntza eskubideen atzean osasun, segurtasun edo lege babes eraginkorrak izateko eskubideak daude ezkutatuta.
Zelako hartu-eman fluxua du Behatokiak erakundeekin?
Denetarikoa. Euskararen Telefonoan hartzen ditugun deiak oso bestelakoak dira, erakunde publiko edo pribatuen kasuan. Guk kexak hizkuntza urraketa egin duen erakunde edo enpresari helarazten dizkiogu; harremana zuzen edo zeharkakoagoa izan ohi da. Administrazio publikoekin ere etengabeko erlazioa dugu, euskal hiztunek duten egoera bistaratu eta aldaketak eragin asmoz. Zelanbait, herritarren babes edo heldulekua izaten saiatzen gara.
Esangura al du abenduaren 27an herritarrak Bilbon egoteak?
Beharrezkoa da. Oldarraldia hemen da, eta euskara larrialdi egoeran dago. Pizkundea izenez, garaia da herritarren ahotsa entzuteko, baina Pizkunde hau berria izan behar da: hemen jarraitzen dugula adierazteaz gain, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugula esateko unea da.