"Inor ez da ama hizkuntza euskara duen pazientearen lekuan jartzen"
Dokumentu ofizialak, batez ere alta txostenak eta bilakaera orriak, euskaraz egitea sustatzeko lehiaketa martxan jarri dute Mendaroko ospitaleko zenbait medikuk, eta horietako bat da Leire Egiguren.
Argazkia: Leire Egiguren Mendaroko ospitaleko larrialdietako medikua den Leire Egiguren ondarrutarrak, beste hainbat lankidegaz batera, ospitaleak igortzen dituen dokumentu ofizialak, batez ere alta txostenak eta bilakaera orriak euskaraz egitea sustatzeko lehiaketa jarri du martxan.
Historia klinikoak erdaraz idatzi ohi dira. Nola bizi duzu hori?
Langile euskaldun bezala, badakit lehenengo hitza euskaraz esateko erantzukizuna dugula profesionalek. Ez dakit zergatik, baina medikura datorren jende askok uste du elkarrizketak derrigor gazteleraz izan behar duela. Halere, ahozkotasuna aurretik joan dela uste dut; igartzen da lehen hitza euskaraz ematen dugula. Laneko praktikotasunean baina, txostenak egiteko formakuntza gaztelaniaz jaso dugu beti, eta guretzat errazena gaztelaniaz egitea da, gauza teknikoak gaztelaniaz ateratzen zaizkigulako edota hartzaileak euskaraz jakingo ez duenaren zalantzaren aurrean, gaztelerara jotzen dugulako.
Egoera hori irauli nahi duzue Mendaroko ospitalean.
Bai, txostenak euskaraz idazten hasi behar ginela esaten genuen, baina asko kostatzen zaigu. Abilezia hartzeko entrenamendu gisa, eta hizkuntza eskubideei begiratuta, gure ustez, alta txostenak edo bilakaera orriak euskaraz egiten hasi behar gara.
Lehiaketa antolatu duzue.
Profesional gutxi batzuek urteak daramatzate txostenak euskaraz egiten. Horregatik, gure artean akuilua sartu eta euskaraz gehiago idatzi asmoz, lehiaketa antolatu dugu. Euskara erabiltzen hasi behar ginela aipatzen zen, baina ez ginen horretan jartzen, karga existentziala handia delako berez, eta euskaraz idazteko apur bat pausatu behar gara, teknikoki kontrolatzen ez dugun hizkuntza baita. Elkar zirikatzeko arrazoi bat sortu, eta lehiaketa modura planteatu genuen. Euskaraz txosten gehien idazten dituenari saria emango diogu. Proba moduan, epe motza jarri genuen, eta ondo irteten bada, luzatuko dugu.

Argazkia: Leire Egiguren
Nolako erantzuna jaso duzue?
Profesionalen aldetik ona; batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina ikusten da jendea badabilela euskaraz idazten. Ospitalean ez da horrenbeste gustatu, Osakidetzak, orokorrean, beste hizkuntza politika batzuk dituelako. Itzulbide programarekin dabiltza, baina guri ez digu balio, euskaraz ulertzen ez duten profesionalei itzultzaile lana egiten dielako. Gu hori elikatzen aritu ginen, eta momentu honetan probekin dabiltza. Mendaroko administrazioak nahiago luke Itzulbide martxan egon eta profesional guztiek itzultzeko tresna izan arte, txostenak euskaraz ez egitea. Pazienteen segurtasuna erabiltzen dute, euskara ulertu ezean, zer pasatuko litzakeen aipatuz, baina, kontrara, inor ez da ama hizkuntza euskara duen pazientearen lekuan jartzen. Gertatu zaigu tratamendua gaizki ulertu eta dena alderantziz egitea. Gaur gaurkoz, bilakaera txostenak eta altak paziente euskaldunei, jarraipena euskaraz bermatuta dutenei, bakarrik ematen dizkiegu euskaraz, oso txintxoak garelako. Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala da, eta euskaraz eman ahalko genizkioke mundu guztiari.
370.000 herritarrek euskaraz artatzea lehenetsi dute. Bermatuta al dago?
Ez dago bermatuta, besteak beste, profesional guztiek ez dakitelako euskaraz. Idazpurua elebiduna da, baina edukia ez. Guk hori aldatu nahi dugu.
Nolakoa da zuontzat terminologia euskaratzeko prozesua?
Berba teknikoentzat, badakigu vejiga maskuria dela, baina tratamendu eta prozedurak euskaraz erredaktatzeaz ez dugu ideiarik ere ez. Gu geu ari gara erremintak sortzen, ahal den txukunen kopiatu eta mediku bakoitzak horren gainean idatzi ahal izateko ereduak sortzen.
Mediku orok euskara ezagutzak izan beharko lituzke?
Bai, derrigor. Oposizioetan, gero eta postu gehiagotan profila eskatzen da. Osotasunetik urrun gaude, baina lehenago, askoz gutxiago ziren. Aurrerapausoak ematen ari dira, baina gauza bat da profila lortzeko azterketa egitea, eta beste bat erabiltzea. Gainera, ahozkotasuna gauza bat da, eta dokumentu legalak diren alta txostenetan erabiltzea beste bat. Bide luzea dago aurretik, baina fokua aldatu behar da. Txostenak euskaraz izan behar direla diogu, ze, guk katalanez txostenak jasotzen ditugu, eta ez dugu arazorik hori itzultzeko. Konplexuak kendu behar ditugu, euskal pazienteen hizkuntza eskubideak bermatzeko.