Eñaut Urreistiren aste magikoa
Eñaut Urreistik Banakako Laboral Kutxa Txapelketa irabazi du Berriatuko Mendibarrenen, Ludovic Ladutxe menpean hartuta. Garaipenez betetako astea izan da mutrikuar gaztearentzat.
Zortzi egunetan, hiru garaipen. Eñaut Urreisti 22 urteko mutrikuar gazteak egungo aurrelaririk puntakoenetakoa dela frogatu du, puntakoena ez bada. Duela bariku bi Aritz Erkiaga ispastertarra buruz buru menperatu zuen, eta Banakako Laboral Kutxa Txapelketako hautagai nagusia finaletik kanpo laga zuen. Martitzenean, aldiz, Donibane Lohizuneko Cesta All Star txapelketa irabazi zuen, eta Jai Alai Ligako lidergoa eskuratu. Barikuan, berriz, Bilboko Deportivo frontoiko Iron Cupen lehen garaipena lortu zuen, Thibault Basque bidartarrarekin. Hori guztia gutxi ez, eta zapatuan erabateko nagusitasunez gailendu zen banakakoaren final handian, Ludovic Ladutxe getariarraren aurka.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Berdinduta hasi zuten zapatuko finala, eta bi protagonisten hutsegiteak izan ziren gako. Hiruna berdindu ondoren, baina, Urreistik berehala ihes egin zuen markagailuan. Errebeskadaz eta errebotera erabateko nagusitasuna kantxaratu zuen gipuzkoarrak. Lau tanto egin zituen jarraian errebotez, tartean, Ladutxeren hainbat akats. Lapurtarra finala alde fisikotik gogortzen saiatu zen, baina Urreistik ez zion piloteorako abagunerik sortzen utzi. Zabaletara, horma bitara, moztuta edota dejadaz, mutrikuarrak ez zuen inongo aurkaritzarik topatu lehendabiziko setean: 6 eta 12koa, Urreistiren alde.
Bigarren seta lehenengoaren trazekin hasi zuten, faboritoak lau tanto erreskadan egin baitzituen. Askok lehia bukatutzat jotzen zutenean, baina, Ladutxe egoera iraultzen saiatu zen. Material mantsoagoak piloteoa hauspotu zuen, eta getariarrak bere eskumakada indartsuak baliatu zituen. Norgehiagoka, bat-batean, gudu fisiko bihurtu zen; getariarrak bere armak plazaratu zituen, egoera horretarako aproposenak. Ladutxek seiko berdinketa lortu zuen, pilota arerioaren gainetik jaurtiz eta jokoa atzealdeko koadroetara kargatuz.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Finala berdinketa haustera eroateko aukera eduki zuen Ipar Euskal Herriko pilotariak, eta, hain zuzen, Urreisti mehatxupean eduki zuen 6 eta 9koan. Hura izan zen finaleko une gailurra. Urreisti dominatuta edukitzetik, bere horma biko bat pairatzera igaro zen Ladutxe. 8 eta 9koan ere berdinketarako leihoa zabaldu zitzaion, baina hura zukutzeko ere ez zen gai izan. Azkenean, 8 eta 12ko markagailuarekin nagusitu zen Urreisti.
Urte itzela egiten ari da mutrikuarra, eta lehiaketa ugari zain ditu, bereziki, uda sasoian. Erkiaga bere ohiko mailatik aldenduta egonik eta Xabier Barandika gernika-lumotarra lesio batetik berreskuratzeko prozesuan izanda, Urreisti da, egun, pilotalekuaren aurrealdeak daukan erreferentziazko figura nagusia, eta erreferentzialtasun hori sobera frogatu zuen Mendibarrenen.
Eñaut Urreisti: “Pilota motela kantxaratzean, Ladutxeren jokora moldatzea erabaki dugu, hark eskumarekin errestoz min egitea ekiditeko”
Txapelketa irabazi berritan, Urreistik azaldu zuen Jon Mendizabal Goixerri-rekin adostu zuela zein estrategia litzatekeen egokien, finala eskuratu ahal izateko: “Ladutxe moduko puntista baten aurka, ez da erraza egin beharreko jokoa zein den asmatzea. Pilota motela kantxaratzean, Ladutxeren jokora moldatzea erabaki dugu, hark eskumarekin errestoz min egitea ekiditeko; horrek neke handia sortu dit, hustu egin naiz, baina helburua lortu dugu“.

Argazkia: Eraman Jai Alai.