Tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin, Mutrikuko Udalak 'XI. Loratu Mutriku' kanpaina jarri du martxan
Maiatzaren 17ra arte egongo da martxan XI. Loratu Mutriku bonu kanpaina.
Loratu Mutriku Kanpainaren aurkezpena. Mutrikuko Udala. Loratu Mutriku kanpainari hasiera eman zioten barikuan [maiatzak 1] hamaikagarrenez. Mutrikuko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen jarduera ekonomikoa sustatzea da kanpainaren helburua, baita herriko familien ekonomia arintzea ere. Izan ere, 2020ko udazkenean jarri zuen martxan Mutrikuko Udalak lehenengo bonu kanpaina, eta udalerriko hainbat sektoretan “eragin positiboa” izan zuela baloratu zuten: “Herritarren aldetik ere harrera oso ona izan zuen, eta askok eskertu zuten halako ekimen bat abian jartzea. Horregatik, urtez urte errepikatzea erabaki da”.
Hala, aurreko edizioen “arrakasta” ikusita, barikuan eman zioten hasiera kanpainari, eta maiatzaren 17ra arte egongo da martxan: “Kanpaina honen bidez udalak 40.500 euroko mugimendu ekonomikoa sustatuko du tokiko merkataritza eta ostalaritzan, eta, aldi berean, 13.500 euro bideratu herritarren erosteko ahalmena indartzera”.
Hau da, udalak 15.000 eurorekin 1.350 bonu finantzatuko ditu, eta bonu sorta bakoitzak 30 euro balioko ditu, txarteletan banatuta: 10 euroko txartel bat eta 5 euroko 4 txartel. Salgai jarritako 30 euroko bonua erostean, herritarrak 20 euro ordainduko ditu eta udalak gainerako 10 euroak jarriko ditu. Hala ere, azaldu dutenez, bonuak erosteko nahitaezkoa izango da Mutrikun erroldatuta egotea: “Horrez gain, sei urtetik gorako herritar bakoitzak, gehienez, bonu sorta bat erosi ahal izango du”.
Kanpainako bonuak turismo bulegoan egongo dira eskuragarri, eta erosteko nortasun agiria erakutsi beharko da. Herritarren bati bertaratzea ezinezkoa bazaio, lagun edo familiako kideren batek eros dezake bere bonua nortasun agiriaren kopia erakutsita. “Erosketa bakoitzean gehienez ere 2 bonu erosi ahal izango dira batera, eta ordaintzeko lehentasunezko sistema banku txartela izango da”.
Horrez gain, bonu guztiak aldi berean edo banaka erabili ahal izango dira: “Hori bai, erosketaren balioa bonuaren berdina edo gehiago izan beharko du beti, hau da, bonuekin ordainduta ez da itzulketarik egingo esku ditura, ezta bonu txikiagotan ere. Erosketaren balioa bonuaren kopurua baino handiagoa denean, falta dena diruz ordaindu beharko da”.
Bonuak kanpainan parte hartu duten establezimenduetan erabili ahalko dira, eta behin erositakoan ezingo dira itzuli. Hurrengo establezimenduek hartu dute parte kanpainan: Alazne optika, Albaro denda, Alboka okindegi eta kafetegia, Aldaba burdindegia, Aldapan denda, Alday hortz klinika, Ametza taberna, Apain estetika zentroa, Aparra arropa denda, Apartak ileapaindegia, Arrizabalaga harategia, Bare bare taberna, Bigara fruta denda, Diñaitz Barne diseinua, Garaia arropa denda, Gotzon arrandegia, Iratxe masajeak, Islada fisioterapia, Iripe elektra denda, Itxasne frutategia, Joseba Elezgarai masaje eta osteopatia, Josune ileapaindegia, Kalbaixo jatetxea, Lasuen Elezgarai botika, Lekube burdindegia, Lon Apraiz botika, Madariaga paperdenda, Maider Pinto estetika eta terapia energetikoak, Maneiro lentzeria, Olaizola arropa denda, Sabina denda, Tximak ileapaindegia, Zelaieta jatetxea, Ziortza ileapaindegia.
“Bereziki azpimarratu eta eskertu nahi dugu herriko establezimenduek kanpaina hau gauzatzeko egiten duten ahalegina; izan ere, ez dute etekin zuzenik jasotzen. Gainera, bonuen bidezko diru kopuru osoa aurreratu behar izaten dute”, azaldu dute udaletik.