Ziriako Andonegi Mikroipuin Lehiaketara aurkeztutako lanen "maila altua" azpimarratu dute
Liburu Hilabetearen baitan Ziriako Andonegi Mikroipuin Lehiaketako sariak banatu zituzten aurreko astean, Zabiel Kultur Etxean.
Joan den astean Ziriako Andonegi Mikroipuin lehiaketako bederatzigarren edizioko sariak banatu zituzten Mutrikuko Zabiel Kultur etxean, Liburu Hilabetearen baitan. Aurretik, Katixa Agirrek Barne zerbitzuak liburua aurkeztu zuen.
Guztira 76 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta 35 lagunek parte hartu dute; hortik 22 mutrikuarrak izan dira. Gainera, epaimahaikideek aurkeztutako lanen “maila altua” azpimarratu dute, batez ere, gazteen kategorian. Kategoria horretan 14 parte hartzaileren 19 lan jaso dira, 12 parte hartzaileren 17 lan mutrikuarrenak izanik. Hala, guztira hiru sari banatu ditu epaimahaiak: helduen kategoriakoa –Zigiluak-, gazteen kategoriakoa –Otso irrifarra- eta mutrikuarren arteko lan onena –Skate parkeko giltza-.
Zigiluak Sara Mantxola Akizu oñatiarrak idatzitako lana da, eta epaimahaiak mikroipuinaren zenbait kontu azpimarratu ditu: “Soiltasunez, xume bezain egoki adierazi du istorio interesgarria. Arreta erakartzen eta zirota borobiltzen asmatu du. Horrez gain, bukaerako sorpresa hori emateko gaitasuna izan du. Lehenengo irakurtaldian agian jasotzen ez dena baina nolabait, irakurlearen atentzioa bereganatzeko gaitasuna duena”. Irabazitako lanarengatik 500 euroko saria eskuratu du Mantxolak.
Araia Mugerza Ayerza mutrikuarrak irabazi du gazteen kategoriako saria, Otso irrifarra lanarekin. Beste zenbait gauzen artean Epaimahaiak Mugerzak lanean erabilitako umorea nabarmendu du: “Umorea oso ondo erabili du, originala eta polita; eragin bat dauka irakurlearengan. Gainera, istorioa egoki kontatua, esan gabe adieraziz, irudi aproposak erabili ditu. Horrez gain, interpretazio librea uzteko gaitasuna erakutsi du”. Mugerzak 200 euro irabazi ditu egindako lanagatik.
Hirugarren sariari dagokionez, hiru lagunek irabazi dute mutrikuarren arteko lan onenaren saria: Ian Lopez Lizardi, Enetz Egaña Urkiri eta Xabat Saragueta Ituarte. “Intrigazko istorio polita sortu dute, bukaera polit batekin. Gainera, erabilitako erreferentziak ere politak izan dira. Horrez gain, originaltasuna ere azpimarratzekoa izan da”, azaldu dute epaimahaikideek.
Katixa Agirrek banatu zizkien diplomak irabazleei, eta Mutrikuko Udaletik adierazi dutenez, aretoa “herritarrez bete beteta” egon zen. Gainera, zehaztu zuten, helduen kategorian, azken urteetan, herritarren parte hartzea gorantz doala eta aurten ere joera berdina mantendu dela: “Euskarazko literaturari bultzada bat emateko lan egiten jarraituko dugu”.