Aulestiko familia kaltetuek "irmoki" salatu dute taxi zerbitzua kentzeko aukera
2026-2027 ikasturterako eskolarako taxi zerbitzua kentzeko aukeraren aurrean, familia kaltetuetako hainbat kidek agerraldia egin zuten barikuan [maiatzak 8] Aulestin. Salatu zutenez, Hezkuntza Sailak har dezakeen erabakiak umeen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, landa eremuko enpleguan eta herri txikien etorkizunean ere ondorio larriak izango lituzke.
Aulestiko familia kaltetuetako kideek barikuan [maiatzak 8] egin zuten agerraldia.Aulestiko familia kaltetuen taldea Herri txikietako nahiz landa eremuetako hainbat familiek egiten dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskaintzen duen taxi zerbitzuaren erabilera, eta 2026-2027 ikasturterako zerbitzu hori kentzeko hartu dezakeen erabakia dela eta, Aulestiko hainbat familia kaltetutako kidek agerraldia egin zuten joan den barikuan [maiatzak 8]. Erabakia arduragabetzat jo zuten aulestiarrek, eta “irmoki” salatu zuten neurri horrek zuzenean arriskuan jartzen dituela euren seme-alaben segurtasuna eta herrien etorkizuna.
Familia kaltetuen esanetan, “onartezina da 164/2023 Dekretuak ezartzen dituen ibilbideen segurtasun baldintzak alde batera utzi izana”. Azaldu zutenez, euren seme-alabek eskolara oinez joan beharko balute “arrisku objektibo eta saihestezinak izango lituzkete bidean, besteak beste, “zirkulazio handiko bideak, espaloirik, pasabiderik eta argirik gabeko tarteak eta babes neurri eskasak”. Horren aurrean administrazioari eskatu diote egoeraren aurrean “begiak ez ixteko”, umeen segurtasuna eta ongizatea jokoan daudela azpimarratuta.
Gaineratu dutenez, neurriak enpleguan ere eragina izango luke. Izan ere, garraio zerbitzuari lotutako zaintzaile lanpostua desagerraraztea “beste kolpe bat” izango litzateke landa eremuarentzat: “Landa eremuan aukera laboralak gero eta urriagoak dira, eta erabaki honek lana galtzen duten pertsonen bizimodua kaltetzen du zuzenean”.
Era berean, familia kaltetuek ohartarazi dute herri txikietatik zerbitzu publikoak kentzea “politika oker eta suntsitzailea” dela. Uste dute horrelako neurriek landa eremuen hustutzea haunditzen dutela: “Horrelako neurriak dira jendea hirietara alde egitera bultzatzen dutenak, despopulazioa eta zahartzea bizkortuz. Ezin dugu erabakia onartu gure herrien etorkizuna arriskuan jartzen duelako”.
Azaldu dutenez, joan den martitzenean [maiatzak 5] elkartu ziren Hezkuntzako Bizkaiko Delegaritzako arduradunekin. Bertan jakinarazi zuten moduan, barikuko [maiatzak 8] agerraldian ere taxi zerbitzua orain arte bezala mantentzea eskatu zioten Hezkuntza Sailari, “indarrean dagoen araudia errespetatuz eta herri txikietako herritarren segurtasuna eta duintasuna lehenetsiz”.