"Giro polita" egon da Lea Ibarreko Umeen Egunean
Lea Ibarreko Mankomunazgoak antolatuta, zapatuan [maiatzak 9] Gizaburuaga izan zen Lea Ibarreko umeen elkargunea. Besteren artean, jolasak, tailerrak eta Oier Magoaren ikuskizuna egon ziren: "Pozik gaude aurtengo jaiak eduki duen erantzunarekin".
Gizaburuagan ospatu dute aurtengo Lea Ibarreko Umeen Eguna. Elkar ezagutu, saretu eta indarrak batzeko eguna izan ohi da urtero Lea Ibarreko Umeen Eguna, eta aurtengoak ere eman ditu bere fruituak. Lea Ibarreko Mankomunazgoak antolatuta, aurtengoan Gizaburuaga izan da jaiaren erdigunea, eta zapatu arratsaldea [maiatzak 9] “giro ederran” igaro zuten bost herrietako biztanleek.
Bertaratu zirenek denetariko ekintzak eduki zituzten aukeran, besteak beste, ludoteka, puzgarriak, hondarrezko gazteluak, zezen mekanikoa eta zirku eskola. Antolatzaileek adierazi dutenez, herritarrek “gozatu” egin zuten prestatutako ekintzekin: “Gustura ibili ziren bai puzgarriekin, bai zirku tailerrarekin eta baita gainontzeko ekintzekin ere. Gurasoak ere gustura ibili ziren”. Egunagaz goi-goitik amaitzeko, gainera, Oier Jurado magoak magia ikuskizuna eskaini zuen: “Oso giro polita egon zen, eta gurasoek ere parte hartu zuten magoarekin. Pozik gaude aurtengo jaiak eduki duen erantzunarekin”.
Sarea. Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar biltzen ditu Lea Ibarreko Mankomunazgoak, eta halako egunak antolatzearen garrantzia nabarmendu dute mankomunitateko ordezkariek: “Urtero antolatzen dugu jai hau, eta aurtengoan Gizaburuagan egiteak eman dio herriari ere bere ukitua. Lea Ibarretik antolatzen ditugun ekintza kultural guztiek helburu berdina edukitzen dute, eta Lea Ibarreko Umeen Egunak ere bai: bost herrietako biztanleek komunikazioa edukitzea euren artean, lotura bat edukitzea, eta sare bat osatzea”.