Beroak ez du Helmugak Bizipoza jaia eten
Hiru eguneko egitarauari giro beroan eman zioten hasiera atzo [maiatzak 22] Berriatuan, eta lehen egunaren harreragaz «oso pozik» agertu dira antolatzaileak. Helmugak erronkak Lea-Artibaiko herriak zeharkatzen jarraituko du gaur [maiatzak 23], 22:00etan erronkagaz amaitzen duten arte. Bihar [maiatzak 24], ostera, jai egun handia ospatuko dute: pailazoak, erraldoiak, ikuskizunak eta beste hamaika ekintza egongo dira.
Helmugak erronka Etxebarrian.Helmugak Bizipoza Atzoko [maiatzak 22] bero sargoriaren gainetik, goi-goitik eman zioten hasiera Helmugak Bizipoza jaiari Berriatuan. Hiru eguneko egitarau oparoa dute aurretik Helmugak erronkako eta Bizipoza Elkarteko kideek, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “oso pozik” eman zioten atzo hasiera jaiari: “Bero handia egin arren, jaiari hasiera eman genion. Oso erantzun ona eduki zuen lehenengo egunak, eta oso pozik gaude”.

Helmugak Bizipoza jaiaren hasiera, atzo [maiatzak 22] Berriatuan.Helmugak Bizipoza
Herri kirolekin hasi zuten iluntzea, eta ostean, Galbaheren kontzertuaz gozatu zuten: “Jende mordoxka bat batu ginen. Beroa zela eta herri kiroletan jende gutxiago ibili zen arren, Galbaheren kontzertua oso polita eta hunkigarria izan zen. Oso ondo egon zen eta jende asko etorri zen kontzertura”. Hala, giroa bero-bero, Helmugaken erronkari hasiera eman zioten Bibitxa kolektiboaren eskutik: Lea-Artibairi sei itzuli emango dizkiote hainbat txirrindularik, guztira 420 kilometroko eta 8.500 metroko desnibela osatuz.
Eskualdeko herri denetan egingo dute geldialdia erronkako kideek, eta udal bakoitzari oroigarri bana emango diete: “Lehenengo oroigarria Berriatuko Udalari eman genion, eta horren ostean hasi genuen erronka. Hamabost txirrindulari inguru irten ziren atzo [maiatzak 22] lehenengo bira egitera”. Elkarteko kideek adierazi dutenez, oroigarriagaz udaletako bakoitzak erakutsitako babesa eskertu nahi izan dute: “Lea-Artibaiko herri guztiek parte hartu dute bai jaiaren antolakuntzan eta baita jaia bera babesten ere, eta hori eskertzeko modua da. Bizipozaren eta Helmugaken logoa da oroigarria, bateratuta”.

Udalek jaso duten oroigarria.Helmugak Bizipoza
Hala, herrietako bakoitzak bere erara prestatu du oroigarria jasotzeko unea. Atzo Berriatuko Udalak jaso ostean, Etxebarriko eta Markina-Xemeingo Udalek jaso zuten oroigarria: “Politak izan ziren bi uneak. Markina-Xemeinen engalekin eta adarra jotzen eman genien oroigarria. Markina-Xemeindik Ziortza-Bolibarrera joan ginen, eta bertan ere harrera polita egin ziguten”. Gaur [maiatzak 23], ostera, Aulestin eman dute eguneko oroigarrietako bat: “Jende nahikotxo elkartu da plazan, eta argazki oso polita atera dugu”. Gaurko egunagaz amaitzerako banatuko dituzte oroigarri guztiak: “22:00etan amaituko da erronka, Berriatuko Plazan. Gainera, bertan izango dira Lekittoko Deabruak ere”.
Erronkari amaiera eman aurretik, baina, egiteko ugari egongo da herrian. Bazkaltzeko geldialdi txiki bat egiteko, 14:00ak aldera helduko da erronka Berriatuara. Jarraian berriro abiatuko dira, eta 22:00ak heldu bitartean denetariko ekintzak egiteko aukera egongo da herrian. Besteren artean, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren eskutik ginkana egongo da, eta Athletic Club Fundazioaren eskutik, futbol zelai txiki bat. Horrez gain, bola joko parte hartzaileak eta txokolatea ere egongo dira.
Egun handia. Helmugak erronkari amaiera emanda, atseden hartu eta bihar [maiatzak 24] izango da jai egun handia. Egun osoko egitaraua prestatu dute Helmugak eta Bizipozako kideek, eta gogoz daude jendearekin elkarbanatzeko: “Bihar goizean, esaterako, Bizipoza elkartea osatzen duten elkarteetako kideen hamabost postu edukiko ditugu: euren materiala saldu, azalpenak eman eta zalantzak argitzeko aukera egongo da”. Horrez gain, Zapotxin, Porrotx eta Marimotots, kalejirak, jolasak, Go!azenen ikuskizuna eta beste hamaika ekintza egongo dira aukeran: “Egitarau oso osatua daukagu, eta jendeari Berriatura etortzera animatzen diogu. Oso egun polita izatea espero dugu”.
Egitaraua.
- Gaur, maiatzak 23.
- 14:05. Herritik irten umeekin bizikletan.
- 15:30-17:45 eta 18:45-20:00. Hastapen ginkana eta bonbonera.
- 18:05. Herrira sartu umeekin bizikletan.
- 18:35. Herritik irten.
- 20:00. Bola joko partehartzaileak.
- 21:00. Txokolatea.
- 21:30. Erronkari harrera Bibitxarekin.
- 21:45. Herrira sartu.
- 22:00. Erronkaren amaiera Lekittoko Deabruekin.
- Bihar, maiatzak 24.
- 10:30. Diana.
- 10:30-14:30. Bizipoza Elkarteen gunea eta Bizipoza Jolasa.
- 11:30. Zapotxin, Porrotx eta Marimototsekin irri, kantu eta dantza.
- 12:45. Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia.
- 13:00. Kalejira herrian zehar, Berriatua eta Markina-Xemeingo erraldoi, txistulari eta buruhandiekin.
- 13:00-15:30. Paella solidarioa, 5 euroren truke.
- 16:00. Go!azeneko ikuskizuna.
- 17:00. Gora Musika taldearen kontzertua.
- 18:00. Tunantiak taldearen kontzertua.
- Ostean. Txokolatea.