Arrigorri hondartzako gordailuan materiala uzteko egunak zehaztu ditu Ondarroako Udalak
Hondartzako gordailuan materiala uzteko lehentasuna izango dute 70 urte edo gehiagoko edota aniztasun funtzionala duten herritarrek.
Hondartzako denboraldia hastear dagoen honetan, urtero legez, Arrigorri hondartzako gordailuan materiala uzteko epea zabaldu du Ondarroako Udalak. Horretarako, lehentasunak zehaztu ditu: 70 urte edo gehiago edota aniztasun funtzionala duten ondarrutarrak izango dira gordailuan materiala uzten lehenak. Maiatzaren 28an [eguena], 29an [barikua] eta 30ean [zapatua] izango dute aukera hondartzarako materiala uzteko, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Bestalde, maiatzaren 31tik [domeka] aurrera, lekua egotekotan, gainerako ondarrutarrentzat zabalduko da epea, ordutegi berdinean. Hala, pertsona bakoitzak bere Nortasun Agiria aurkeztu beharko du, eta pertsonako, gehienez, aulki edo etzaulki bat eta eguzkitako bat utzi ahalko da. Horrez gain, ez du balioko hirugarren baten izenean joatea, eta ordainketa unean bertan egin beharko da, baita materiala utzi ere, ez baita erreserbarik onartuko. Tarifei dagokienez, etzaulkiak 60 euro balioko dituzte, aulkiak 50 euro, eguzkitakoak 45 euro eta umeen jolasak 18 euro.