Euskal australiarrak senidetze bazkarian elkartuko dira
Euskal Australiarren Alkarteak ekainaren 13rako [zapatua] deitu du aurten 'Australianoen bazkaria', eta domeka [maiatzak 31] izango da izena emateko azken eguna. Bazkarian 1929 eta 1945 urte bitartean jaiotako Australiara joandako euskal herritarrak omenduko dituzte.
Euskal Herria eta Australia batu eta bi kulturen arteko harremana estutzeko helburuarekin eratu zuten Eusko Australiar Alkartea duela zortzi bat urte. Geroztik, asko dira elkartekideek aurrera eraman dituzten proiektuak, eta beste hainbeste eskuartean dituztenak: Euskal Herrian zeharkatzen ari den Basques in Australia erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean osatu nahi duten Australiara emigratu zutenen erregistroa izango den liburu-bilduma edota etxera itzuli ziren euskal australiarren senidetze bazkaria. Australianoen bazkaria da, hain zuzen ere, agendan gertuen duten ekintza: ekainaren 13an [zapatua] egingo dute, Arita-Berri jatetxean.
Euskal australiarren belaunaldi ezberdinak elkartu gura dituzte bazkariaren bitartez, eta horregatik, aurten ere izena emateko deia zabaldu dute, horretarako azken eguna maiatzaren 31 [domeka] izanik. Izena emateko bazkariaren ordainketa egin beharko da —50 euro—, hurrengo diru-kontuan: Laboral Kutxa – ES68 3035 0185 5218 5002 4844. Ahalik eta jende gehien batu gura dute eta horregatik, joan-etorriak errazteko, Ereñora autobusa ipiniko dute, bai Gernika-Lumotik, bai Lekeitiotik. Bazkaltzera joango direnen zein autobusa hartuko dutenen zenbaketa egin ahal izateko, ordainketa egitean izen-abizenak, pertsona kopurua eta autobusa hartu den zehaztea —zenbat pertsonak eta nondik— eskatu dute. Edozein zalantza argitzeko euskalaustraliaralkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.
Omenaldia.
Aurtengoa hitzordu “berezia” izango dela aurreratu dute elkartekideek, berrikuntza batekin baitator: aurrerantzean, Eusko Australiar Alkarteak Australiara joandako euskal herritarrak omentzeko baliatuko du senidetze bazkaria. Aurten, hasteko, 1929 eta 1945 urte bitartean jaiotako —eta bizirik dauden— Busturialdeko zein Lea-Artibaiko bizilagunak omenduko dituzte, aipamen berezia egin eta oroigarriak banatuz. Nabarmendu dutenez, omenduak bertaratzerik ez balu, horien senideek jasoko lukete oroigarria.