Kamiñazpiko jaietako pala eta paella txapelketan izena emateko epea zabalik dago
Ohi legez, ekainaren lehenengo asteburuan ospatuko dituzte ondarrutarren Kamiñazpi auzoko jaiak. Ekainaren 5ean [barikua] eta 6an [zapatua] egitarau oparoa daukate auzotarrek jaiez gozatzeko; izan ere, aurten ere, hainbat ekintzaz beteta datoz jaiak. Hala, Kamiñazpiko Jai Batzordeak ireki ditu ekintza ezberdinetako zerrendak; besteak beste, pala txapelketakoa eta paella janekoa.
Pala txapelketa barikuan hasiko da, 18:00etan, eta zapatu goizean amaituko da, bigarren jardunaldiagaz. 14 urtetik gorakoei zuzendutako txapelketa da, eta izena Amarratza tabernan eman beharko da. Bestalde, paella jana zapatuan egingo da, eta honetarako ere, Amarratzan eman beharko da izena. Talde bakoitzak arduradun bat zehaztu beharko du, eta beharrezkoa izango da izen ematearekin batera arduradunaren telefonoa ere jartzea. Egunean bertan, 09:00etan, talde bakoitzeko kide bat agertu beharko da Kamiñazpiko parkera, mahaiak eta aulkiak bazkarirako jartzeko. Horrez gain, paella janean ezingo da kanporik edaririk ekarri; bertako txosnan kontsumitu beharko da.