Lea Ibarreko Mankomunazgoak bigarren berdintasun plana diseinatzeko prozesua jarri du martxan
Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarreko Udalak Mankomunazgoko bigarren plana osatzeko batu dira. Helburua, herrien beharrez erantzuten dien bideorria marraztea da.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoak bigarren berdintasun plana diseinatzeko parte hartze prozesua abiarazi du. Prozesuaren helburua, herrien beharrizanei erantzuten dien bideorria marraztea dela azaldu dute Mankomunazgotik. Hala, irailean egingo dute herritar guztiei zuzendutako lehenengo saioa, “guztien iritziak eta beharrak jaso ahal izateko”.
“Azken urteotan egindako bideari jarraituz, orain, Berdintasunerako Bigarren Plana diseinatzeko prozesua jarri dugu martxan, eskualdeko emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko asmoz”, azaldu dute mankomunazgotik. Gainera, bigarren prozesu honekin, Lea Ibarreko Mankomunazgoak eta bera osatzen duten bost udalerriek (Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar) azkenengo urteetan egindako lana aztertu nahi dute, zer lortu den ikusi, eta oraindik egiteko dauden erronkak identifikatzeko: “Hausnarketa kolektibo honen helburua herri bakoitzaren berezitasunak eta Mankomunazgoaren beharrak kontuan hartuko dituen tresna errealista eta praktikoa osatzea izango da”.
Herritarrei zuzendutako saioa irailean egingo duten arren, udal idazkari eta ordezkariekin lan saioak eta elkarrizketak egiten hasi dira maiatzean, administrazioaren barne funtzionamendua aztertzeko. Hala ere, Mankomunazgotik zehaztu dute prozesuaren bizkarrezurra bizilagunen ahotsa izango dela: “Zentzu horretan, Mankomunazgoak herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi du”. Horregatik iragarri dute irailean egingo dela lehen saioa. Bertan, Lea Ibarrako emakume, elkarte eta interesa duten pertsonen kezkak, beharrak eta proposamenak partekatzeko aukera egongo da; izan ere, plan berriaren helburua Lea Ibarreko errealitatea ondo jasotzea da.
Horrez gain, egitasmoaren beste helburuetako bat Lea Ibarreko Berdintasun Kontseilu Herritarra indartzea eta aktibatzea ere bada: “2025ean sortutako organo hau prozesuaren parte aktibo eta berdintasun politikak sustatzeko ezinbesteko aliatu bihurtzea da helburua. Plan berria une egokian dator kontseiluaren jarduna edukiz betetzeko eta bere hurrengo urteetako egitekoak egituratu eta gidatzeko”.
Gainera, Mankomunazgotik nabarmendu bezala, plan berria landa eremuko beharrei erantzutera dator. Izan ere, egitasmoak “arreta berezia” jarriko du herri txikietako egunerako bizitzan: “Zaintza lanak, emakumeen ahalduntzea edota indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzea izango dira ardatz nagusienetako batzuk”.
Horretarako, Lea Ibarreko Mankomunazgoak Elhuyar aholkularitzaren laguntza teknikoa izango du, eta aurreikuspenen arabera, emaitzak prest egongo dira urte amaierarako.