Unai Perez ondarrutarrak Portugalgo Kopa irabazi du
Sport Clube União Torreense taldeagaz Portugalgo Kopa irabazita, Perezek Lehen Mailara igotzeko partida erabakigarria jokatuko du eguenean [maiatzak 28].
Ondarruko Unai Perez futbolaria momentu erabakigarrian dago bere ibilbide profesionalean. Gaur egun Portugalgo Sport Clube União de Torreense taldean jokatzen du, eta domekan [maiatzak 24] lorpen handiak pilatu ditu: Portugalgo Kopa irabazi du eta, horrenbestez, datorren denboraldian Europako Ligan ariko dira. Gainera, Lehen Mailara igotzeko aukera izango dute eguenean [maiatzak 28].
Torreensek Portugalgo Kopan egindako ibilbide bikaina amaiera birobila izan du, eliteko talde handiak atzean utzita. Finalean, aurkari gogor baten aurka jokatu zuten, Lisboako Sporting taldea, eta Perezek azaldu duenez, partida oso lehiatua izan zen, baina taldeak defentsa sendoa eta eraginkortasun handia erakutsi zuen garaipena lortzeko.
Atezain ondarrutarrak adierazi duenez, Portugalera iristea bere ibilbidean jauzi handia izan zen, aurretik Athletic Club, Barakaldo CF eta beste hainbat klubetan esperientzia pilatu ondoren. Bere esanetan, Portugalgo erronka “urrats handia” izan da bai kirol mailan bai pertsonalean.
Orain, Torreensek azken partida erabakigarria dauka aurretik: egunean [maiatzak 28] jokatuko den partida, Lehen Mailara igotzea egongo da jokoan. Garaipenak klubaren historia aldatuko luke eta ondarrutarrarentzat bere ibilbideko lorpen handienetako bat izango litzateke.
Jokalariak berak azpimarratu du taldea “oso motibatuta eta kontzentratuta” dagoela, eta azken partidara dena ematera joango direla, jakinda urte osoko lana dagoela jokoan.