Amonari eskainitako diskoa kaleratu du Mahl Kobatek
'Auman disku, aumai' diskoa kaleratu du Mahl Kobatek. Arima taldearen gonbidapenak eta amonaren heriotzak bultzatuta sortu du lana musikariak; familiaren dolua eta etxean utzitako hutsunea ditu ardatz, eta ekainaren 18an aurkeztuko du Dabadaban.
'Auman disku, aumai' diskoa kaleratu du Mahl Kobatek.Beñat Bidegain. Beñat Bidegain musikari ondarrutarra dago Mahl Kobat izenaren atzean. 2024ko abenduan kaleratu zuen bakarlari bezala egindako lehenengo diskoa: Zelan apurtu pertsona bat. Orain, bere bigarren diskoarekin dator musikaria: Auman disku, aumai. Lanaren izenburuak esan bezala, duela gutxi bizitako amonaren heriotza du abiapuntutzat disko berriak, baita Arima taldeak ekainaren 18an Donostiako Dabadaba aretoan haiekin oholtza partekatzeko egindako gonbidapena ere. “Abendutik nengoen jo gabe eta hasiera batean aurreko diskoaren azken kontzertu bezala planteatu nuen, baina ez nuen sinesten zerbait egiazkoa egin ahalko nuenik, diskoa iraungi zela sentitzen nuen-eta. Horrekin batu zitzaidan apirilean amonaren heriotza, eta aurreko diskoan Auman kanti, atxixai idatzi nuenean kontziente izan nintzen amona hiltzean beste zerbait egin beharko nuela. Beraz, bi elementu horiek batuta jaio zen disko berriaren ideia, kotxeko bidaia batean”.
Bidegainek azaldu duenez, aspaldi zebilen inspirazio gabe, baina kotxeko bidaia hartan, Keaton Hensonen Birthdays abestia entzuten zegoen bitartean, estilo horretako kanturen bat egiteko ideia izan zuen: “Amonari buruz zer gai nituen lantzeko zerrendatzen hasi nintzen, eta hor okurritu zitzaidan diskoaren izena, eta gai bakoitza, kantuen izenburu bihurtu nuen”. Bidaian kantu bat sortzen hasi zen musikaria, eta bueltarako kantua bukatuta zeukan: kotxean letra eta melodia, eta etxean gitarra: “Arraroa da, baina hori izan zen lehenengoko gauza sorkuntza prozesuan. Egun horretan bi kanturekin lokartu nintzen”.
Sormen prozesua “espero baino emankorragoa” izan dela nabarmendu du, kantuak “oso erraz” idatzi baititu. Hala, apirilaren 27an Ibai Osinagari diskoa grabatzeko proposamena luzatu zion, eta ekainaren 14rako gelditu ziren biak: “Hortik bi astera grabaketa aurreratzea erabaki genuen, jada sei kantu nituelako“. Bide horretatik, “pozik” agertu da artista, prozesuan ez duelako bere burua ezertara behartu: “Bakarrik irten da guztia eta hori da gehien betetzen nauena”.
Hala ere, diskoa grabatu arteko bidea “arraro” gisa definitu du: “Arraroa izan da kantu gehienak alderantziz idatzi ditudala. Hau da, lehenengo melodia eta letra, eta gero, gitarrak. Esango nuke sormen prozesuaren %80 kotxean izan dela gitarra gabe, eta %20 gitarragaz. Oso gutxi joan naiz estudiora, izan ere, kanturen bat osorik jo nuen lehen aldia estudioan bertan izan zen“.
Grabaketa data aurreratzeak “beldurra” kendu diola azpimarratu du; bere hitzetan, “oso naturalki” atera zaio guztia. Gainera, modu positiboan baloratu du azkartasuna, “ez nuen nahi luzatu, ez nuelako perfekzionismoan jausi nahi”. Izan ere, estudioan gutxi landutako kantuekin sartzea zen Bidegainen ideia, eta horrekin batera, azkar grabatzea. Horregatik, diskoak maketa itxura hartzea nahi zuen; hala ere, uste du, estudioan “nahigabe” disko itxura eman diotela. “Berez ez dago lan handirik horren atzean, edo ez behintzat esfortzurik, irten egin baita. Azterketa batera gutxi ikasita joatearen lasaitasunagaz alderatuko nuke. Gehiago landuta beti dago beldur gehiago zerbait galtzeko”.
Aurreko diskoarekin bezala, oraingoa ere Ibai Osinagagaz egin du musikariak, “horretan ez dut zalantzarik izan”. Izan ere, Bidegainen hitzetan, Osinagak “oso ongi” ulertzen du berak transmititu nahi duena: “Nire musikari egiten dion ekarpena oso baliagarria da”. Hasiera batean asmoa gitarra eta ahotsak soilik grabatzea bazen ere, grabaketa aurreko astean Kantak eta tranpak abestia sortu zuen Bidegainek, eta bateria sartzeko proposamena egin zion Osinagari: “Kantuak argi eta garbi eskatzen zuen bateria. Beraz, ideia horrekin sartu ginen estudiora eta abesti bakoitza grabatzean hurrengo galdera egiten zidan: ‘Zer eskatzen dizu hemen?’. Horrela, bakoitzak bere proposamenak egiten zituen, eta beste instrumentu batzuk gehitu genituen kantuak eskatzen zigunaren arabera”. Osinagak bateria, bonbardinoa eta koroak egin ditu lanean, eta Bidegain gitarra, baxua eta Rhodesagaz arduratu da.
Amonari egindako omenaldia. Amonaren heriotzak etxean utzitako hutsunea kontatzen du Bidegainek bere kantuetan, disko guztia amonari zuzendutakoa baita. Askotariko gaiak heltzen dituen arren, gertaera horrek inguruan utzi dituen istorioak ere kontatzen dizkio amonari: “Norbait falta denean gauza kuriosoak gertatzen dira, azaltzen zailak direnak. Hala ere, nik uste baino hobeto kontatzea lortu dut. Etxeko bakoitzak amonaren heriotza nola bizi izan duen kontatu nahi izan diot, eta aldi berean, etxeko bakoitzari kantu bat oparitu. Nik neuk ere nola bizi izan dudan kontatu dut. Hala ere, uste dut esan beharreko guztia letretan esan dudala”.
Lehenengoa, Dabadaban. Dabadabako kontzertua Zelan apurtu pertsona bat diskoaren azken kontzertua izan behar zen arren, argitaratu berri duen bigarren lanaren aurkezpena izango dela argitu du musikariak. Nahiz eta momentuz ez daukan beste kontzerturik lotuta, udazkenean diskoa aurkeztea da bere asmoa: “Hala ere, argi daukat diskoa oso intimoa dela eta ez dela espazio askotan jotzekoa. Beraz, ez ditut kontzertu asko aurreikusten, eta nahi ere ez. Gustatuko litzaidake aurreko diskoarekin egiteko geratu zitzaidan gauza bat egitea: etxeetan gira bat“. Gaur gaurkoz, Doinun, bandcampen eta youtuben dago diskoa entzungai.