Lekeitioko Herri Eskolako 30 ikaslek Paleolitoko haurren inguruko nazioarteko dokumentalean parte hartu dute
Diego Garate arkeologoarekin batera grabatu zuten joan den eguenean [maiatzak 28] Isuntzako kobazulo esperimentalean, “Niños del Paleolítico” dokumentalaren sekuentzia berezi baterako.
Lekeitioko Herri Eskolako 30 bat ikaslek parte hartu zuten joan den eguenean [maiatzak 28] nazioarteko dokumental baten grabazioan. Saioa Isuntzako kobazulo esperimentalean egin zen, eta bertan izan zen Diego Garate Maidagan euskal arkeologo ezaguna ere, labar-artean aditua eta Paleolitoko ikerketetan erreferentea.
Grabazioa Niños del Paleolítico izeneko 90 minutuko dokumentalaren parte izan da. Emma Baus zinemagileak zuzendutako lanak historiaurreko haurren bizimodua ikertzen du, azken Izotz Aroko gazteek komunitateetan zuten zeregina, ikaskuntza-prozesuak, jolasak eta kultura-transmisioan izan zuten garrantzia aztertuz.

Dokumentalaren ikerketa-ildo nagusietakoa Kantauri itsasertzeko kobazuloetako labar-artean oinarritzen da. Veronica Fernandez-Navarro eta Diego Garate arkeologoek egindako azterketek erakutsi dute El Castillo eta Fuente del Salín bezalako kobazuloetan aurkitutako esku negatiboen ia laurdena 2 eta 12 urte bitarteko haurrek egin zituztela. Aurkikuntza horiek Paleolitoko arteari buruzko ikuspegi tradizionala irauli dute, erakutsiz adierazpen artistikoa ez zela heldu gutxi batzuen jarduera, komunitate osoarena baizik, eta haurrek bertan protagonismo handia zutela.

Testuinguru horretan, Lekeitioko ikasleek egindako grabazioak esperimentu arkeologiko baten birsorkuntza izan zuen ardatz. Gazteek Paleolitoko haurren jarduerak eta kobazuloetako adierazpen artistikoak irudikatu zituzten, ikerketaren ondorioak ikus-entzunezko hizkuntzara eramateko helburuarekin.
Frantziako 13 Prods ekoiztetxeak eta France Télévisions kateak sustatutako dokumentalaren grabaketak maiatza eta uztaila bitartean egingo dira, eta estreinaldia 2027rako aurreikusita dago.
