Ortugintza bere osotasunean ezagutzeko ikastaro berria egingo dute Lekeition
Gabino Muruaren eskutik, barazki ohikoen eta ez hain ohikoen laborantza landuko da zapatuan [ekainak 6], teoria eta praktika uztartuz "Herrittarron Ortuan".
Ortugintza zaleek hitzordu berezia izango dute zapatuan [ekainak 6], Lekeition. Lekitto Bedarrak antolatuta, “Ortugintza bere osotasunean” izeneko ikastaro berria eskainiko da, Gabiriako Gabino Murua adituaren gidaritzapean.
Ikastaroa 09:30ean hasiko da Azkue Ikastolan, eta lehenengo bi orduetan saio teorikoa egingo da, 12:30ak arte. Bertan, ohiko eta sasoiko barazkiez gain, gure ortuetan hain arruntak ez diren espezieak ere aztertuko dira, hala nola meloia, sandia, zainzuria edo orburuaren laborantza, besteak beste.
Ondoren, parte-hartzaileak Usotegi parkeko Herrittarron Ortura joango dira. Bertan, ikasgelan landutako edukiak praktikan jartzeko aukera izango dute, lurrean bertan egindako saio baten bidez. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, eskualde osotik jende ugari animatu da ikastarora, nahiz eta oraindik plaza batzuk libre dauden. Izena emateko azken eguna bihar [ekainak 4] izango da.
Ikastaroaren amaieran, ekitaldi berezia egingo da Usotegi parkean. Herrittarron Ortuko kartel berriaren aurkezpena egingo da, baita taldearen ongietorri-margoaren esanahiaren azalpena ere.
Kartela eta hormako pintaketa auzolanean egin dituzte Mari Talako pintura taldeko kideek eta Lekitto Bedarrako boluntarioek. Gainera, kartela estalita egongo da Gantxilloko Kakorratz taldeak egindako estalki berezi batekin, eta bi talde horiek izango dute estalkia kentzeko ohorea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 15 minutuko ekitaldi “xumea” izango da, baina auzolanaren balioa eta herritarren parte-hartzea aitortzeko balio izango duena. Horregatik, gonbidapena luzatu diete Lagunkoi taldeari, Herriko Auzolan taldeari eta Udaleko alkate eta zinegotzi guztiei.