300 lagun inguru elkartu ditu Bizkaiko Nagusien Egunak
Sodupen ospatu zuten zapatuan [ekainak 6] Bizkaiko Nagusien Eguna, eta bertan izan ziren eskualdeko hainbat nagusi ere: "Giro polita egon zen".
Zapatuan [ekainak 6] 300 lagun inguru elkartu ziren Bizkaiko Nagusien Eguneko bazkarian.Beti Jai jubilatuen elkartea Markina-Xemeinek hartu zuen iaz Bizkaiko Nagusien Eguna, eta aurten, Sodupe izan da ospakizunen erdigunea. Hala, zapatuan [ekainak 6] bertan elkartu ziren Bizkaiko 300 nagusi inguru, eta eskualdetik joandakoek adierazi dutenez, “egun ederra” igaro zuten bertan: “Giro polita egon zen eta egun ederra pasa genuen. Herria bera ere ederto prestatu zuten”.
11:30erako heldu ziren Bizkaiko hamaika herritako nagusiak Sodupera, eta Nagusiak elkarteko kideek nahiz herriko ordezkariek egin zieten harrera. Besteren artean, bertan egon ziren Nagusiak elkarteko presidente eta presidenteordea, Juan Andres Iragorri Ruiz Sodupeko alkatea, Sodupeko nagusien elkarteko kideak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza saileko foru diputatua.
Denek hartu zuten Bizkaiko nagusiek egiten duten lana balioan jartzeko tartea, eta jarraian Tolin el Mariachiren eta Gazte Berri dantza taldearen emanaldiaz gozatu zuten bertaratu zirenek: “Mariatxiekin dantzan egon ginen, eta ostean, sekulako bazkaria egin genuen: ilarrak eta menesta, karrilerak eta arroz esnea pantxinetagaz”. Sodupeko kiroldegian bazkaldu zuten, eta egunagaz amaitzeko dantzaldia egin zuten.

Markina-Xemeingo Beti Jai elkarteko kideak Sodupen.Beti Jai jubilatuen elkartea