Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuak, Euskadiko Traineru Txapelketan
Getarian lehiatu zen atzo [ekainak 6] Euskadiko Traineru Txapelketa. Emakumezkoetan, ondarrutarrak seigarrenak izan ziren, eta, lekeitiarrak, zortzigarrenak. Gizonezkoetan, aldiz, zazpigarren sailkatu ziren Lekeitiokoak.
Getariak arraun denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetakoa hartu zuen atzo [ekainak 7]: Euskadiko Traineru Txapelketa. Egun eguzkitsuan, Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariak Gipuzkoako uretan egon ziren eskualdea ordezkatzen.
Emakumezko absolutuen kategorian, Arraun Lagunak laugarrenez gailendu zen. Tolosaldea bigarren sailkatua izan zen, sei segundora, eta San Juan hirugarrena, 11 segundora. Eskualdeko arraunlariei dagokienez, Ondarroak seigarren postua eskuratu zuen, 12 minutu 14 segundo eta 89 ehuneneko denbora eginda. Lekeitiok, aldiz, zortzigarren postuan amaitu zuen estropada, 12 minutu 25 segundo eta 51 ehuneneko marka eginda.
Gizonezko absolutuen kategorian, Orio izan zen irabazlea, Donostia eta Hondarribiren aurretik. Lekeitiarrek zazpigarren postua lortu zuten, eta 21 minutu eta 25 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.
Beteranoetan, Badok 13 nagusi
Beteranoen lehian, ez zuten horrenbesteko estutasunik bizi estropada irabazi zuten Badok 13ko arraunlariek. 10 minutu, 45 segundo eta 52 ehunen behar izan zituzten lanak amaitzeko. Bigarren postua getxoztarrek eskuratu zuten, eta hamabi segundo gehiago behar izan zituzten. Mundakarrak izan ziren hirugarrenak, bigarrenengandik hamalau segundora (10.59,56).