Oriok bi banderak irabazi ditu Lekeition
Gizonezkoen absolutu mailan, laugarren sailkatu da Lekeitio, bosgarren Ondarroa eta azken postuan Mutriku. Emakumeen estropadan, bederatzigarrenak izan dira lekeitiarrak.
Lekeitiarrak, etxeko estropadan.Bermeo Arraun Argazkiak Arraun lehiaketaz betetako asteburua izan da. Getarian jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketaz gain, Lekeition ere goi mailako lehia egon zen zapatuan [ekainak 6]: Lekeitioko Bandera lehiatu zuten. Orio izan zen nagusi, hurrenez hurren, emakumezkoen eta gizonezkoen estropadetan.
Gizonezko absolutuen estropadan, Lea-Artibaiko traineruek ezin izan zuten oriotarren ekina gainditu. Gizonezkoetan, 21.43,27ko denbora behar izan zuten gipuzkoarrek lanak burutu eta Lekeitioko 47. Bandera eskuratzeko. Oriok 9 segundo atera zizkion San Juani eta 11 Zarautzi. Lekeitiok laugarren postua lortu zuen; 21.58,51ko denbora egin zuen etxeko taldeak. Ondarroak, aldiz, 22.08,78ko denbora eginda, bosgarren postua eskuratu zuen. Azken postuan sailkatu zen Mutriku, estropada 25 minutu, 53 segundo eta 55 ehunenekotan egin ondoren.
Emakumezkoen 15. banderan Oriok 11.58,97ko denboran osatu zuen estropada, eta haren atzetik, Hibaika eta Zumaia sailkatu ziren. Talde horiak 14 segundo atera zizkion Hibaikari eta 23 Zumaiari. Lekeitiok bederatzigarren postua lortu zuen, 13 minutu 29 segundo eta 55 ehunenekotan.

Mutrikuarrak, Lekeitioko Bandera irabazteko lehian. Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.

Argazkia: Iñaki Beitia