Arakistain eta Lejardiren estreinaldia, Goitia eta Sorozabalen konfirmazioa
Ihart Arakistainek eta Arai Lejardik lehendabiziko aldiz irabazi dute Iron Cup txapelketa. Gizonezkoen lehian, Alex Goitia eta Gorka Sorozabal dominatzaile suertatu dira.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Iron Cup txapelketan jantzi zuten denboraldiko estreinako txapela Ihart Arakistainek eta Arai Lejardik. Berriatua, Durango, Gasteiz, Zumaia eta Donibane Lohizuneren ostean, Bilboko Deportivo pilotalekuan iritsi zitzaien loria sopeloztarrari eta markina-xemeindarrari. Elaia Gogenola berrituarrak eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak finala gogor borrokatu zuten, eta azkenean lehia berdinketa haustean erabaki zen.
Lehen setean, Arakistainek eta Lejardik argi mahaigaineratu zituzten beren kartak: seiko berdinketaren ostean, partiduan aurrea hartu zuten, eta Lejardik atzetik jaurtitako hormabikoak gako izan ziren. Markina-xemeindarrak ondo probestu zuen, Deportivo moduko kantxa bizi batean, bere eskumakaden boterea. Joko esplosiboa, erremate ederrak eta goi mailako abiadura uztarturik, 10 eta 15 nagusitu ziren sopeloztarra eta markina-xemeindarra.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren seta hasi bezain pronto, partiduaren argazkia errotik aldatu zen. Gogenolak eta Lizardik defentsa lanak argiki hobetu zituzten, Lejardiren eskumakadak kontrolpean edukitze aldera. Erasoaldiak ere, bikain ezkondu zituzten: Gogenola airez trebe ibili zen, baina, airez saskiratzerik ez zuenean, Lizardik atzealdeko koadroak dominatzeko moduko pilotakadak ontzen zituen. Atzea menpean eta arerioak jokoz kanpo, berriatuarrak bere talentua plazaratu ahal izan zuen aurrean, seta malguki poltsikoratzeko: 15 eta 7.
Hirugarren eta azken setean, Gogenolak Iron Cup txapelketa hirugarrenez jarraian patrikaratzeko saiakera egin zuen, baina ez zen posible izan: 4 eta 2 atzetik joatetik 4 eta 5 irabaztera pasatu ziren Arakistain eta Lejardi. Bilboko borroka estuaren ondoren, Frida Watkins zumaiarrak liga salilkapenaren lidergoan segitzen du, 2.780 punturekin; Arakistain bigarrena da egun, 2.560rekin; Erika Mugartegi markina-xemeindarra oso hurre du atzetik, hogei puntu gutxiago baititu.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Goitia eta Sorozabal, distiratsu.
Gizonezkoen lehiak Alex Goitia markina-xemeindarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra Eñaut Urreisti mutrikuarraren eta Thibault Basque bidartarraren aurka jarri zituen. Final estua, lehiatua eta hautagai argirik gabekoa aurreikusita zegoen. Sorozabalek, hori bai, eskarmentu puntutxo bat gehiago zuen printzipioz, iaz Aritz Erkiaga ispastertarrarekin batera Bilbon txapela jantzi baitzuen.
Urreistik eta Basquek, bikote moreak, ondo abiatu zuen neurketa, markagailaun 0 eta 3 edota 1 eta 4 aurrea hartuta. Lauko berdinketarako, gainera, Goitiak hari zegozkion bost pasetako hiru agortuak zituen jadanik. Sakea, hain zuzen, markina-xemeindarraren buruko min esanguratsuena izan zen norgehiagokaren lehen tantoetan, baina apurka-apurka traba hura ere konpondu ahal izan zuen. 4 eta 8koarekin, laranjek urrats bat aurrera egin zuten: pilota bizia eta eskumaz jokatzeko oso egokia zen kantxa lagun izan zituzten Goitiak eta Sorozabalek.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Egundoko abiadura ezarri zioten finalari, eta moreek, beren aldetik, hutsegite garrantzitsuak egin zituzten hala erasoan, nola defentsan. Batzuen gorakadak besteen ahulezia uneagaz bat egin zuen, eta haren ondorioa Goitiak eta Sorozabalek 11 eta 2ko partziala egitea izan zen. Lehen setaren bigarren erdialdeak agintari argi askoak eduki zituen. Markina-xemeindar gazteak horma biko eder batekin eta ostean sakez egindako beste tanto batekin biribildu zuen lehen seta: 15 eta 10.
Bigarren seta hasi zenean, lehendabizikoaren garaileek ez zuten olatuaren gandorretik jaitsi nahi izan, eta hasiera-hasieratik 9 eta 1ko zartakoa eman zioten markagailuari. Egoera bideratuta eta finala poltsikoan zutela zirudienean, Urreistik behetik gorako bideari heldu zion. Mutrikuarrak sake-errestoan horma bitara, albotara edota eskumakadaz asmatu zuen. 11 eta 8ra hurreratu ziren moreak, baina finalean berriro bete-betean sartzeko urrats txiki bat falta izan zitzaien.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Izan ere, lehen setean egin modura, Goitiak setari azken bultzada ematea giltzarri izan zen. Sorozabalek egundoko asistentzia beharrak egin zizkion markina-xemeindarrari, hark jokaldiak nahieran errematatu zitzan. Erabateko eraginkortasunez, markagailu berberagaz (15 eta 10) nagusitu zen bikote laranja. Finala galduagatik ere, Urreistik ligako lidergoari eusten dio, 9.740 punturekin; Unai Lekerika gernika-lumotarra dago bigarren postuan, 8.440 puntu lortuta. Hirugarrena Sorozabal Bilboko garailea da; lapurtarrak 7.980 puntuko uzta du bildua.