"Emozioz beteta" gogoratu dituzte Jaione Murelaga Lekeitioko alkate ohia eta haren bikotekide Pili Robles
Ehunka herritar batu dira Jaione Murelaga eta Pili Robles gogoratzeko ekimenetan. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta omenaldiak egin dituzte Lekeitioko alkate ohiaren ibilbide politiko eta herrigilea aitortzeko.
Jaione Murelaga Izagirre Lekeitioko alkate ohia eta haren bikotekide Pili Robles gogoratzeko antolatutako omenaldi zikloa “emozioz betetakoa” izan da. Horrela deskribatu dute parte partzaileek, eta EH Bilduko kideak “oso pozik” daude jasotako erantzunagaz. Aurten 20 urte beteko dira Lekeitioko lehen emakume alkatea zendu zenetik, eta haren ibilbide politiko eta herrigilea aitortzeko hainbat ekitaldi egin dituzte. Antolatutako hiru datetan [ekainak 1, 4 eta 7], ehunka herritar batu dira: hitzaldietan, mendi martxan eta omenaldian. “Egun horietan, barruan errotuta ditugun hutsuneak eta absentziak, bat-batean azaleratu zaizkigu”.
Gaurtik geroko Lekeitio izenburupean egindako hitzaldian 40 lagun inguru batu ziren Ander Aldazabal Etxebarria alkateagaz eta Zuriñe Gojenola Goitia alkateordeagaz. Kultur etxean herriaren etorkizuneko erronkei buruz jardun zuten, eta adin desberdinetako herritarrek herrian pil-pilean dauden gaiez gogoeta egin zuten: etxebizitza, herri nortasuna,…

Ekainaren 4ko Emakumeak politikan, Jaione eta Pili gogoan hitzaldian Gema Mendieta Zelaia Aulestiko alkate ohiak, Maria Eugenia Goitia Elordi ANVko zerrendaburuak eta Maitane Larrauri Fraile Lekeitioko alkate izandakoak parte hartu zuten. Solasaldian emakumeek instituzioetan izan dituzten erronkak, ahalduntze prozesuak eta Murelaga zein Roblesegaz bizi izandako esperientziak landu zituzten.

Mahai-inguruak ere jende asko batu zuen: “Modu xumean Jaionek eta Pilik herriaren alde egindakoa gogoratu eta balioan ipini dugu. Arduratsu, ausart, eskuzabal, herrikoi, alai eta eredugarri gogoratu dugu, bai udalgintzako lanetan baita haien bikote izatekoeran ere”, azaldu du Goitiak. Bizipenen eta pasadizoen artean, Mendietak ere bi emakumeak gogoratu ditu: “Alkarregaz, besarkatuz, barreak eginez… gogora ekarri zaituztegu eta poliki-poliki konturatu gara gure hutsuneak eta absentziak betetzen ari direla”.
Omenaldi nagusia domekan [ekainak 7] izan zen, Murelagaren heriotzaren urteurren egunean bertan. Talaian elkartu ziren 30 lagun mendi martxa eta lore eskaintza egiteko. Musikagaz girotutako eta “emozioz betetako” ekimena izan zen. Ondoren, Jaione eta Pili gogoan ekitaldia egin zuten Jaioneren Txokoan, Guzurmendi tabernaren inguruan. Zuzeneko musika, abeslariak eta familien hitzaldia entzuteko aukera paregabea izan zela azaldu dute antolatzaileak.

EH Bilduko kideen esanetan, horrelako omenaldiek “euren lana eta herriaren alde egin zuten ekarpena ez ahazteko” balio dute. “Beste Lekeitio baten alde lan egin zuten, eta gaur egun ere euren arrastoa bizirik dago”.