Euskadiko Atletismo txapelketan goiko postuetan ibili dira eskualdeko atletak
Unax Solabarrieta Bilbaok, Irati Solabarrieta Bilbaok, Ainara Mugartegi Solozabalek, Sara Asenjo Arrienek eta Olaia Zatika Belaustegik emaitza oso onak lortu dituzte Euskadiko Atletismo Txapelketan.
Irati Solabarrietea Bilbao.Durango Kirol Taldea. Asteburuan [ekainak 6 eta 7] Euskadiko Atletismo Txapelketa lehiatu zen Durangoko Landako atletismo pistan. Bertan, Lea-Artibaiko atletek emaitza “oso onak” lortu zituzten.
Durango Kirol Taldeko Unax Solabarrieta Bilbao, Ainara Mugartegi Solozabal eta Irati Solabarrieta Bilbao gorengo postuetan ibili ziren. Izan ere, Unax Solabarrietak maila absolutuko 400 metroetan hirugarren postua lortu zuen, eta 23 urtez azpiko kategorian lehenengoa eskuratu zuen, 49.26ko markagaz. Ainara Mugartegi maila absolutuko 400 metro hesietan lehenengoa izan zen helmugara iristen, 58.18ko markagaz. Hala, emaitza horrekin, Espainiako Estatuko kategoria horretako rankingean sartu zen, hirugarren, eta duela 26 urte finkatutako Bizkaiko errekorra apurtu zuen. Horrez gain, maila absolutuko 400 metrotan zilarrezko domina eskuratu zuen. Izan ere, Aida Ruiz Fernandezek 55.55 segundoko marka behar izan zuen lasterketa amaitzeko, eta haren atzetik sailkatu ziren Ainara Mugartegi Solozabal markina-xemeindarra eta Fernandez. Marka bera ezarri zuten, 56.00 segundokoa, eta milaretan erabaki zen podiuma. Hala, apurbat lehenago zeharkatu zuen helmuga lerroa Mugartegik.
Bestalde, Irati Solabarrieta Bilbaok maila absolutuko 100 metroetan eta 200 metroetan urrezko domina lortu zuen, baita Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 20 urtez azpiko errekorra apurtu ere, 11.90eko markagaz. Aipatutako bi lorpenekin Espainiako Estatu mailako 20 urtez azpiko kategoriako zortzi onenen artean dago. “Beraien helburua Espainiako Txapelketan parte hartzea da, eta asteburuko emaitzek esan nahi dute bide onetik goazela. Gainera, txapeketa horretan dominaren bat lortzea ikaragarria izango litzateke. Hala ere, aipatu beharra dago sari eta emaitza guzti hauen atzean dagoen lana, bakoitzak astean 4-6 aldiz entrenatzen du, eta Irati Solabarrieta, adibidez, bi urte lesionatuta egon da. Neguan hasi zen berriro korrika egiten, eta orain, maila oso altua erakusten dabil”, azaldu du Orkatz Beitia entrenatzaileak.
Horrez gain, Sara Asenjo Arrien aulestiarrak bigarren postua lortu zuen lau kiloko jaurtiketan, 12,07ko markagaz, lehenengoa baino 0,02 metro gutxiago jaurtiz. Bestalde, Olaia Zatika Belautegik brontzezko domina lortu zuen luzera jauzian.