Sare Herritarrak urtarrilaren 9an Bilbon mobilizatzera deitu ditu herritarrak
Euskal presoen eskubideen aldeko elkarteak jakinarazi du datorren urtean "trantsizio aldia" hasiko dela. ‘Helmuga, denak etxera’ lelopean egingo da urte hasierako azken martxa handia izan daitekeena.
Ehunka pertsona batu ziren zapatuan [ekainak 6] Arrasateko Monterron parkean, Sare Herritarrak deitutako agerraldian parte hartzeko. Bertan, Joseba Azkarragak eta Nahikari Iturbe Sareko bozeramaileak hartu zuten hitza, jakinarazteko 2027ko urtarrilaren 9an Bilbo egingo den mobilizazioa elkartearen azken martxa handia izan daitekeela. Hori da Sareren “nahia eta borondatea”, dinamika jakin horretako “azkena” izatea. “Zuhurtziaz baina zintzotasunez”, euskal presoen egoerari dagokionez egoera aldatu egin dela uste du Sarek. “Urte askoan aldaezina zirudien jokaleku bat eraldatzen lagundu dugu”, aipatu zuten hizlariek, eta gehitu zuten “jarduteko modua definitzeko garaia” dela.
Helmuga, denak etxera lelopean egingo da urtarrilaren 9ko mobilizazioa, eta datozen hilabeteetarako “ahalegin kolektibo handiena”eskatu du Sarek, “Bilboko manifestazio handiak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera” irudikatu dezan. “Lan-ildoa birmoldatu behar dugu, eta une bakoitzeko beharretara egokitzen ahalegindu, baina ahaztu gabe gure helburua lanean jarraitzea dela motibazio politikoko azken preso, iheslari edo deportatua etxera itzuli arte“. Horren harira, ziurtatu zuten, “azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera” itzultzeko xedeari uko egin gabe, 2027ko urtea “trantsizio aldia” izango dela: “Garaia iritsi da etapa bati bukaera ematen hasteko eta beste aldarrikapen modu bat irekitzeko”. Eta etapa berri horretan, aukeren artean dago Sare amaitzea ere: “Arduratsua eta osasuntsua da irudikatzea etorkizun hurbilean Sare ez dela behar izango”.
Horiek horrela, euskal presoen aldeko plataformaren azken faseari begira aritu ziren. Azaldu zuten Sareren “ondarerik onena” ez dela “betikotzea”, baizik hura abiarazi zuen “bidegabekeria desagertzen laguntzea”. Gaineratu zuten Sareren amaiera “garaipen kolektiboa eta diskretua” izango dela. “Urgentziarik eta kontsignarik gabe”.
Sare, gaur egun. Plataforma kideek aipatu zuten duela hamabi urte 465 preso zeudela, Espainiako eta Frantziako estatuetako 50 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta. “Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan presoak zeuden, eta haiek gogoratu eta haien eskubideak landu behar ziren, astero elkarretaratzeak eginez herri horietako bakoitzean”. Gaur egun gutxi gorabehera 120 preso daudela jakinarazi zuten: “Horietatik %70 inguru hirugarren graduan daude, edo 100.2 artikulua daukate aplikatuta. Euskal Herriko 35 herritan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat”.