Badator 21. Markina Shots, "gogoagaz eta pozik"
Bihartik [ekainak 11] zapatura [ekainak 13] bitartean, rock doinuz beteko dira Markina-Xemeingo kaleak. Bihar Petti kantautore beratarraren txanda izango da.
Rockak bere lekua hartuko du berriro Markina-Xemeinen, Markina Shots jaialdiagaz. Entsegu lokala uztearen trukean eskerrak emateko modua zena, Lea-Artibaiko eta inguruetako rockzale eta musikazaleentzat ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Jaialdiaren hogeita batgarren aldia ospatuko dute bihartik [ekainak 11] zapatura [ekainak 13] bitartean.
Toki, data eta formatu desberdinak probatu dituzte antolatzaileek, eta jaialdiaren alderdi musikala errotuta ikusten dute: “Musikaren alderdia egonkortuta dago: hiru eguneko formatua eta musika estilo honekin, ze, halako festibalak, ez daude toki askotan”. Gaineratu dutenez, orain arteko guztiak bezala, aurtengoa ere sarrerarik barik izango da: “Markina-Xemeingo Udalaren diruagaz antolatzen dugu dena, eta herriari begira egin nahi dugun gauza bat da”. Gainera, aurtengo kartela Mikel Unamuntzaga markina-xemeindarrak diseinatu du.

Bihar [ekainak 11] Petti kantautore beratarrak emango dio hasiera jaiari. Herriko hiru tokitan joko dute, 20:00ak inguruan Opelatik hasita. “Aurten kanpoko lekuetatik hasi nahi dugu, eta gero, herri barrurantz egin”. Petti kalez kale ibiliko da, rock, folk-rock, post-rock, rhythm and blues edota country doinuekin.
Barikuan [ekainak 12] ere, herriko kaleetan zehar egingo dute jaialdia. Gar talde durangarraren txanda izango da: Vega tabernaren parean hasiko dute euren ibilbidea, 20:00etan. Taldeak Oraina eskuetan diskoa aurkeztuko du, eta pop-rock estiloaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 2025eko Gazte Maketa Lehiaketako irabazleak dira, eta Jon Garcia Zabalaren proiektu pertsonal berria da. Mocker’s rock taldean luzaroan aritu ostean, bakarkako ibilbideari ekin dio. Gelditzeko astirik barik, Moonshine Wagon taldeak hartuko du erreleboa. 2013an Gasteizen sortu zen taldeak heavy-bluegrass estiloa dauka. Beraien biolin, banjo, gitarra eta kontrabaxuaren laguntzagaz “dantzan jarriko du Markina-Xemein”.
Jaialdiagaz goi-goitik amaitzeko, zapatuan [ekainak 13] hiru talde igoko dira Kontzejupeko oholtzara, 20:00etatik aurrera: Santa Barbara, Oh! Gunquit eta Deaf Devils. Urretxu, Londres eta Valentziako taldeak dira, hurrenez hurren, eta “dena hankaz gora ipintzeko asmoz helduko dira” Markina-Xemeinera. Santa Barbara boskote urretxuarrak rock and roll “arriskutsua” ekarriko du, soinu indartsua, zuzena eta apaindurarik gabekoa. Bigarren boskoteak, Oh! Gunquitek 2010ean hasi zen, Tinak (ahotsa eta tronpeta) eta Simonek (gitarra eta ahotsa) elkar ezagutu zutenean. Generoen nahasketak egiten dituzte: rumble-bop, freakabilly, raw r&r, wild garagerock, psych-surf eta twisted surf-punk. Eta, amaitzeko, Deaf Devil talde valentziar ospetsuaren txanda izango da, jaialdia goian amaitzeko. Laukote gazteak death punk eta action rock doinuak ekarriko ditu. Gainera, jarrera basati eta probokatzailea gailenduko da haien kontzertuan
Zapatuan, kontzertuen aurretik, ez da Korribeer egingo, aldiz, dardo lehiaketa eta aroen jokoa antolatu dituzte barikurako. 18:30ean hasiko dira. Saria egongo da irabazleentzako, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. Era berean, Boga garagardoak ere postua ipiniko du.