Eguzkik Mutriku-Saturraran bidegorriaren atzerapena salatu du
Bidegorrien inbertsio handiagoak ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzea dakarrela nabarmendu du Eguzkik. Bide horretatik, bidegorriak txirrindulari eta oinezkoen segurtasuan handitu eta ingurumenari onura ekarriko liokela azpimarratu du.
Eguzki Talde Ekologistak aurtengo udan ere Mutriku-Saturraran bidegorria ezingo dela erabili salatu du. Izan ere, Gipuzkoako Iraunkortasun diputatu Jose Ignacio Asensiok Batzar Nagusietan bidegorri sarean iaz egindako lanei buruzko informazioa eman duela azaldu du eguzkik, baita, legegintzaldi honetarako aurreikusitakoen berri eman ere. “Tamalez, horien artean ez dago Mutriku-Saturraran bidegorria, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, 2021ean martxan jarri behar zena. Gainera, atzerapena Mijoa errekaren saneamenduarekin gertatu da, oraindik egiteko baitago. Beraz, saneamendurik eta bidegorririk gabe jarraitzen dugu”, esan dute talde ekologistatik.
Eguzkiko kideen hitzetan, azken hiru urteetan Asensioaren departamentuak 25 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu bidegorrien sarea handitu, modernizatu eta hobetzeko: “Dena beharko da, egia esan, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana egiteko, behin beta berriz salatu dugun bezala, sekulako atzerapena baitauka. Hainbesterainokoa, non 2024an aurreikusitako jarduketen berprogramazioa egin behar izan baitzen. Saturrarango bidegorriaren kasuan, orain 2028-2031 laurtekoan egitea espero da”.
Gainera, Eguzkik aipatu duenez, Asensiok ondorengoa azaldu zuen: “Bizikletaren eguneroko erabilera 2023an %33 izatetik 2025ean %37 izatera igaro da, eta gero eta gehiago finkatzen da eguneroko garraioaren benetako alternatiba gisa”. Izan ere, Bizikleta Bideen pertzepzioari buruzko azken Azterlanaren arabera, pertsonen %34k bizikleta gehiago erabiltzen du bidegorriei esker: “Halakorik ez balego %38k autoa erabiliko luke joan etorri horiek egiteko. Inkesta horren arabera, joan etorrien %67 lanegunetan egiten dira, eta zati handi bat lan, ikasketa edo kudeaketa ibilbideei lotuta dago”.
Eguzkiko kideen ustez, bidegorrietan zenbat eta inbertsio handiagoa egin, orduan eta gutxiago erabiliko da ibilgailu pribatua: “Horrez gain, txirrindulari eta oinezkoentzako segurtasun gehiago egongo da eta ingurumenari ere onura gehiago egingo dio”. Hala ere, “penaz eta haserre” ikusi dute bidegorriaren atzerapena: “Saturrarango bidegorriak eta beste batzuen exekuzioak atzeratzen jarraitzen du, Mijoako saneamendu proiektuak bezala. Promesa asko bai, baina gauzatu gabe jarraitzen dute”.