Kantu eneak 250 ikasle batuko ditu, Lekeitioko plazan
Urte osoko entseguetan egindako lanaren emaitzekin gozatzeko aukera edukiko dute ikasle, irakasle eta herritarrek barikuan [ekainak 12], 11:00etan.
Urtero legez, Lekeitioko Herri Eskolak Kantu enea ospatuko du, Independentzia plazan. 2 urtetik LH6ra arteko ikasleek parte hartuko dute ekitaldian, urte osoan musika irakasleekin eta tutoreekin egindako lana plazaratzeko. Kantu enea barikuan [ekainak 12] 11:00tan egingo dute. Herritarrak animatu dituzte plazan haiekin bat egiteko.
Ikasturtean eguenero batu izan dira, eta ikastetxetik aitortu dute “festa giroa” sortu nahi dutela. “Urte osoan ikasleak kantuak prestatu dituzte, eta herritarrak hurbiltzea gustatuko litzaiguke, batez ere, denok ezagutzen ditugun kantak abestuko ditugulako”. Lekeitioko kantuez eta euskal abesti ezagunez gozatzeko aukera “paregabea” izango dela azpimarratu dute.