Lea-Artibaik birziklapen sistema berria edukiko du
Bost ardatz berri izango dituen sistemagaz, hondakinen %65 birziklatzea izango da helburua. 2025ean %43koa izan zen birziklapen tasa.
Lea-Artibaiko hondakinen kudeaketari buruzko 2025eko datuek agerian utzi dute herritarron hondakinen sailkapen eta ohiturek ez dutela hobekuntza esanguratsurik izan azken urtean. Eskualdeko birziklapen tasa %43koa izan da, iazko datu berbera. Egoera horren aurrean, Lea-Artibai Mankomunitatea birziklapen sistema berria prestatzen ari da, helburua izanik hondakinen %65 birziklatzea.
Mankomunitatetik aurreratu dute sistema berriaren lizitazio prozesua martxan dagoela eta presstakumntza lanak aurrera doazela bai herri txikietan, baita herri handietan ere. Helburua argia da: hondakinen izaera errespetatzea eta sailkapen egokia sustatzea.
Horretarako, hondakin sortzaile handiei ateko bilketa zerbitzua eskainiko die. Merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan hondakinak atean bilduko dira, sailkapena eta bilketa eraginkorragoak izateko eta edukiontziak ez kolapsatzeko. Bigarrenik, industria eremuetako bilketa indartuko da, eta sistema berriagaz lau hondakin mota bilduko dira: egurra, film plastikoa, kartoia eta errefuxa. Hirugarren neurri modura, errefuxaren edukiontzien erabilera mugatuko da. Herrietan, oro har, errefuxaren edukiontziak astean bi egunez egongo dira zabalik, salbuespenak salbuespen: pardela erabiltzen duten familiak, behar bereziak dituztenak, etab. Eta laugarrenik, kale hezitzaileen bidezko jarraipena sustatuko da. Sistemaren ezarpena eta funtzionamendua kale hezitzaileen bidez lagunduko da, behaketa eta sentsibilizazio lanak eginez. Azkenik, sortzen den zabor kopuruaren araberako tasak ezarriko dira. Epe ertainera, sistema berriak aukera emango du hondakin tasa bakoitzak sortzen duen errefuxaren arabera ezartzeko. Horrenbestez, zabor gehiago sortzen duenak gehiago ordaindu beharko du.
Errefuxaren ondorioak, arazo¡. 2025an Lea-Artibaiko eskualdeak 5.068.290 kilogramo errefuxa sortu ditu. Mankomunitateak argi utzi du “errefuxa ez dela soilik ingurumen arazo bat”, ondorio ekonomiko garrantzitsuak ere baditu: “Zenbat eta errefuxa gehiago sortu, orduan eta handiagoak dira kudeaketa eta tratamendu kostuak”.