Mutriku Futbol Taldeko Bazkide Egunean 1975-76 denboraldiko futbolariak omenduko dituzte
Mutriku Futbol Taldeak zapatuan [ekainak 13] Bazkide Eguna ospatuko du. 13:30ean 1975-76 denboraldiko jokalariak omenduko dituzte San Miguel futbol zelaian.
Mutriku Futbol Taldeak Bazkide Eguna antolatu du zapaturako [ekainak 13]. Gainera, aurten, 50 urte betetzen dira Mutriku Futbol Taldeak Errenteriako Touring taldearen kontra kopako finala irabazi zuenetik, Atotxan, 3-0ko markagailuarekin. Futbol taldetik final “gogoangarria” izan zela nabarmendu dute, eta 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta zapatuan omenaldia egingo diote finala jokatu zuen taldeari. Hala, 13:30ean San Miguel futbol zelaian batuko dira guztiak, omenaldi “xume bezain berezia” eskaintzeko: “Guztiok aho batez esango dugu: izan zinetelako gara!”.

Omenaldiaz gain, egun guztiko egitaraua antolatu du Mutriku Futbol Taldeak. 09:00etatik 11:00etara futbol eskolako partidak egongo dira, eta 11:00etatik 13:30era futbol zazpiko infantilak eta kadeteak jokatuko dute. 12:30ean, bazkideak batuko dira futbol zelaian, eta luntxa egingo dute tabernan. Ondoren, 13:30ean egingo diete omenaldia txapeldunei, eta 14:30ean Egaña frontoira joango dira bazkaltzera. Bazkalostean, denboraldiko sari banaketa egingo dute frontoian bertan.
