520 triatleta batuko dira asteburuan, Lekeition
Barikuan [ekainak 19] Gazte Triatloia egingo dute eta zapatuan [ekainak 20] 33. Nazioarteko Triatloia.
Lekeitiok kirol giro paregabea biziko du asteburuan, bai barikuan [ekainak 19] baita zapatuan [ekainak 20] ere, eta triatloizaleek aukera paregabea edukiko dute lehia estu eta ikusgarri batez gozatzeko. Aurten 33. lasterketa antolatu du Garraitz Kirol Taldeak: zapatuan 520 triatleta irtengo dira helmugatik. Aurten, triatloiak inoiz baino emakume gehien izango ditu, 132 emakume triatleta parte hartuko dutelako.
Trantsizio gunea proba baino bi ordu lehenago irekiko da, 14:30ean, eta 16:15ean itxi. 16:20erako kirolari guztiek gunea libre utzi beharko dute. Antolakuntzak kirolarien segurtasuna bermatzeko gehienezko denbora muga hauek ezarri ditu: igeriketan 22 minutu eta 30 segundo bizikletan, ordu 1 eta 10 minutu eta helmugarako ordu 1 eta 50 minutu. 16:30etik aurrera egingo dute proba.
Gainera, Euskal Herriko partaideez gain, atzerritarrek ere parte hartu ohi dute lasterketan, eta aurten ere, hala izango da. Eskualdeko 70 partaide egongo dira gutxi gorabehera, eta atzerritarren kasuan, urtero legez, australiarren eta estatu batuarren presentzia ere nagusituko da. Australiarren entrenatzaileak aurreikusi du aurten mutiletan Local Winner-a (bertoko irabazlea) egongo dela.
Garraitz Kirol Taldekoek balorazio oso positiboa egin dute. “Aurten ez dator World Tour Seriesko txapeldunik, baina maila oso goian egongo da. Euskaldunak ere oso indartsu daude. Bestalde, aurten ezusteko handia izan da kupoa hain arin betetzea eta, azkenean, itxaron zerrendako 80 pertsona kanpoan geratu behar izan dira”.
Sari potoloak jokoan. Maila absolutuan, emakume zein gizonezkoen irabazleek 600 euroko saria eta txapela jasoko dituzte. Bigarren sailkatuek 400 euro eta hirugarrenek 300 euro irabaziko dituzte, baita garaikurrak ere. Lehenengo hamar sailkatuek sari ekonomikoa jasoko dute.
Gainera, gazte, junior, 23 urtez azpiko, BT1, BT2 eta BT3 kategorietako azkarrenek 40 euroko diru saria eta garaikurra lortuko dituzte. Bigarren eta hirugarren sailkatuek ere garaikurrak eskuratuko dituzte.
Triatloiko parte hartzialeek kosturik gabe aparkatu ahal izango duten gunea egongo da Artadi auzoan. Antolakuntzak gomendatu du herrira sartzea autoak deskargatzeko eta, ondoren, egokitutako aparkalekura joateko, Lekeitioko Independentzia plazatik oinez 15 minutuan ailegatu ahalko da eta.