Ondarroako Igeri Taldeak 41 domina lortu ditu, denboraldi "bikain" batean
11 urrezko, 11 zilarrezko eta 19 brontzezko domina lortu dituzte Ondarroako Igeri Taldea osatzen duten gazteek.
Ondarroako Igeri Taldeak denboraldi oso arrakastatsua izan du, guztira 41 domina eskuratuta: 11 urrezko, 11 zilarrezko eta 19 brontzezko. Emaitza horiek bereziki nabarmenak dira “taldeak entrenatzeko dituen azpiegitura eta baliabide mugatuak kontuan hartuta”. Xabier Alzibar taldearen entrenatzaileak azaldu duenez, “arrakastaren gakoa ez da instalazioetan egon, baizik eta igerilarien grinan, konpromisoan eta lan egiteko gogoan”.
Ondarroako Igeri Taldeak Zaldupe udal kiroldegian entrenatzen du. Bertako igerilekuak lau kale baino ez ditu, eta instalazioak zaharkituta daude. Hala eta guztiz ere, egoera horrek taldearen izaera lehiakorra indartu duela uste du. “Badakigu zein baliabide ditugun eta zein baldintzatan entrenatzen dugun, baina horrek ez gaitu gelditzen. Alderantziz, aurrera egiteko indarra ematen digu”.
Egun, lehiaketa taldean 60 igerilari daude gutxi gorabehera, eta 41 dominetatik gehienak alebin eta txikien mailetako igerilariek lortu dituzte. Guztira, 11 gazteek eskuratu dituzte dominak. Alebin mailan, bereziki nabarmendu da Itzea Badiola. Espainiako Txapelketarako sailkatu da, eta gutxieneko markak lortu ditu 200 metro librean eta 200 eta 50 metro bizkar estiloan. Haregaz batera emaitza bikainak lortu dituzte June Oinandia, Haizene Ugartetxea, Xuhare Urruzuno, Ixchel Aramaio eta Annette Beitiak. Txikien mailan ere maila handia erakutsi dute Izaro Flores, Garazi Bermeosolo, Ainhize Otxoantezana, Nare Arruabarrena eta Aiert Basarasek.
Denboraldia ez da oraindik amaitu. Itzea Badiolak Espainiako Txapelketan parte hartuko du uztailean, eta aurretik Euskadiko alebin eta txki mailen txapelketa jokatu behar da. Alzibarren hitzetan, balorazioa oso positiboa da: “Dauzkagun baliabideekin lortutakoa ikusita, gehien harrotzen nauena ez dira dominak bakarrik, baizik eta taldeak erakutsi duen grina eta jarrera”.