Herritarren arteko herri kirol desafioa dakarte Aulestiko San Joan jaiek
Aulestiarrak prest daude sanjoanetako magian murgiltzeko. Herritarrek hamaika ekintzaz beteko dute Aulestiko plaza eta inguruak ekainaren 19tik 25era bitartean. Ez dira faltako Ipuin Topaketa, Sobra sariketa, Desafioa edota Paella Txapelketa.
Herriko plaza bete zuten aulestiarrek herri bazkarian. Aulestiko jai batzordea Udaren etorreragaz batera datoz San Joan jaiak Aulestira; “herritarrak batu eta ondo pasatzeko egunak”, antolakuntzaren hitzetan. Umeak izango dira, beste urte batez, jaiez gozatzen lehenak. Gaur, ikasturteko azken egunean, Eskolako Jaia ospatuko dute. 09:00etan hasiko da festa, eta puzgarriak egongo dira umeentzat. Gainera, seigarren mailako ikasleei agurra egingo diete. Horrez gain, Aulestiko Hirugarren Adineko eta Pentsiodunen San Blas Elkarteak antolatuta, sobra tailerra egingo dute. Eskolako jaialdiaren baitan, gainera, 38. Ipuin Topaketako sari banaketa egongo da, Urzabal Guraso elkarteak antolatuta. HH2tik LH6ra arteko 52 umek parte hartuko dute. Ondoren, txokolate jana egingo dute eta, 20:00etan, saiheski janean batuko dira ume, gazte zein heldu. 22:00etan, txupinak emango die hasiera jaiei.
Aldi berean, Gazte Asanbladak ere hasiera emango die jaiei, Gazte Egunagaz. 15:00etan herriko plazan batuko dira gazteak bazkaltzeko. Ostean, Pasapalabra jokoak egingo dituzte eta, arratsaldean, poteoa. 23:30ean hasita, kontzertuez gozatu ahalko da: Zauria eta DJ Guzurterak.
Paella txapelketa izango da biharko protagonistetako bat. Hamazazpi kuadrillek eman dute izena; 291 lagunek. 14:30erako aurkeztu beharko dira paellak, eta kanpaiak jo ondoren aurkezten duen taldeak zigorra jasoko du. Lau sari banatuko dira: 110 euro paellarik onenarentzat, 90 euro bigarrenarentzat, 60 euro hirugarrenarentzat eta 25 euro laugarrenarentzat. Sariak banatuta, herri bazkariak batuko dira. Otzara feministaren zozketa eta jolasak egingo dituzte ondoren, plazan. Gaua helduta, 21:30etik aurrera, Jaire erromeriak girotuko du plaza.
Etzi, dantzek eta danborradak hartuko du Aulesti. 13:00etan, herriko dantzarien erakustaldia egongo da plazan, eta 18:00etan bi urtetik behin egiten den danborradaren txanda izango da. Herriko umeen eskutik eta Aittita Makurra fanfarreagaz egingo da.
San Joan bezperan eta San Joan egunean ere festa giroa izango da nagusi udalerrian. Goizean II. Mahai Jolas Txapelketa egingo da plazan. Ez da izenik eman behar, eta interesdunak bertaratzera animatu dituzte antolatzaileek. Gauean, kalejiragaz batera, plazatik parkera lekualdatuko dira, eta ondoren, suaren bueltan dantzatuko dute, txar guztiak uxatzeko. Arratsaldea eta gaua Taixuz musika taldeak girotuko ditu.
Eguaztenean, San Joan egunari urteroko mezagaz hasiera eman ondoren, 26. Sobra Sariketan parte hartu nahi duenak 12:15era arte izango du sobra aurkezteko aukera. “Eskolako jaian egingo diren sobrak, seguruenik, sariketan ikusteko aukera izango dugu. Helburua da herrian daukagun ohitura ez galtzea. Horregatik, umeak, helduak eta nagusiak animatu nahi ditugu parte hartzera”. Ostean, leiho, balkoi eta etxaurreen hirugarren lore lehiaketako sariak banatuko dituzte: “Aurten gutxi gorabehera zazpi lagunek eman dute izena, eta pasaden astean epaileak herriko leihoak, balkoiak eta etxaurreak ikustera joan ziren”.
Herri kirolek ere lekua. Aurten, herri kirolei lekua egin diote programazioan, eta lehenego aldiz Desafioa antolatuko dute. Guztira hamabi herritarrek hartuko dute parte, hiru laguneko lau taldetan banatuta. Lehiaketa zirkuitu moduan egingo da: bi talde elkarren aurka arituko dira lehenengo, eta beste bi taldeak ondoren; denborarik onenak lortzen dituztenek finala jokatuko dute. Probetan hainbat herri kirol izango dira protagonista, besteak beste trontza, txinga eramatea, txokor biltzea eta ingudea. Parte-hartzaileen artean adin guztietako herritarrak daude, gazteenak 16 urte ingurukoak izanik eta helduenak 50 urte ingurura iritsiz.
Ekimenaren helburua “herri kirolak herritarrengana hurbiltzea eta jai giroari indar berezia ematea” da. Antolatzaileetako batzuk herri kiroletan federatuta dauden arren, parte-hartzaile gehienak ez dira espezialistak; batzuk beste kirol batzuetatik datoz, hala nola crossfitetik edo bestelako kiroletatik. Ideia entrenatzaileen eta herri kirol taldearen eskutik sortu zen, herriko jendeak berak protagonismoa hartuko zuen erronka antolatzeko asmoz.
Azken hilabetean aritu dira prestatzen, batez ere teknika eskatzen duten probak lantzen, eta taldean ilusio handia dago desafioari aurre egiteko eta Aulestiko jaietan tradizio berri bat hasiera emateko.
Horren ondoren, sobra sariketa egingo dute. Guztira, zazpi sari banatuko dira, eta parte hartzaile guztiek lorea jasoko dute. Lehenengo eta bigarren sarietako bakoitzak hiru saridun izango dituzte, eta hauez gain, sari berezi bat ere egongo da.
“Lehenengo eta bigarren sarietan betiko belar, ortuari, fruta, labore eta lorak edukitzea baloratuko da. Dotoreziak eta lotzeko erak ere garrantzia izango dute. Izan ere, plastikozko soka edota zilarrezko papara duten sobrak sariketatik kanpo geldituko dira. Sari berezian sobraren edertasuna, usaina, aniztasuna, kolorea eta konposizioa baloratuko dira, besteak beste”. 17:00etan esku pilota partiduak antolatu dituzte frontoian, eta ondoren, pintxo poteoa egongo da arratsaldea girotzeko.
Ekainaren 25ean amaituko dira jaiak, baina ekintzak ez dira faltako. Meza egingo dute Murlan, eta Roberto eta Idoia trikitilariak ibiliko dira kalez-kale. Ostean, Hirugarren adinekoen eta pentsiodunen bazkaria egongo da Ilunzar tabernan.
Ekainak 19, barikua
- 09:00-12:30: Eskolako jaia. Puzgarriak, tailerrak, sobra ikastaroa eskolan, 6. mailako ikasleei agurra.
- 15:00: Irakasle, ikasle eta gurasoenrzako “kopaue” eta DJ Arene.
- 15:00: Gazte bazkaria, Arkupean.
- Ostean: bingo musikatua.
- 18:00: 38. Ipuin topaketako sari banaketa.
- Gero: Txokolatada.
- 20:00: Saiheski jana plazan.
- 22:00: Txupinazoa jaiei hasiera emateko.
- 23:300: Kontzertuak Gaztetxean: Zauria eta DJ Guzurterak.
Ekainak 20, zapatua
- 11:00: Plazako mahaiak antolatzea. Kuadrilla bakoitzeko bi ordezkari agertu beharko dira.
- 14:30: 24. Paella txapelketa.
- Ostean: Herri bazkaria.
- Bazkalostean: Zozketa eta jolasak, plazan.
- 21:30: Jaire taldea, plazan.
Ekainak 21, domeka
- 13:00: Herriko dantzarien erakustaldia, plazan.
- 18:00: danborrada, Aittita Makurra fanfarriarekin.
Ekainak 23, martitzena
- 17:00: II. mahai jolas txapelketa, plazan. 12 urtetik gorakoentzat.
- 21:00: Taixuz Erromeria, plazan.
- 22:30: Kalejira plazatik parkera, musika eta buruhandiekin alaituta.
- Ondoren: San Joan sua eta dantzak.
Ekainak 24, eguaztena
- 11:00: Meza.
- 12:15: 26. Sobra sariketako sobrak entregatzeko ordua.
- 12:30: Herri kirol desafioa, Urtza herri kieol taldearen eta ardi mjoztaileen erakustaldia.
- 13:30: Sobra sariketa.
- Ostean: Leiho, balkoi eta etxe aurreetako III. lore lehiaketako sari banaketa.
- 17:00: Esku pilota partiduak, frontoian.
- 19:00: Pintxo potea.
Ekainak 25, eguena
- 12:00: Meza Murlan eta kopaua.
- Ondoren: Roberto eta Idoia trikitilariak.
- 14:30: Hirugarren adineko eta pentsiodunen bazkaria, Ilunzar tabernan.