Sukaldaritza eta nutrizioa ikuspuntu "praktiko" batetik landuko dituzte
Etzi [ekainak 21], Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerra egingo dute, 11:30ean, Merkatu Txikian. Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute tailerra. Herritarrek ez dute saioan parte hartzeko izenik eman beharko.
Gipuzkoako Azoken Sareak Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin izeneko tailerra antolatu du, Mutrikuko Udalarekin elkarlanean. Nutrizioa eta sukaldaritza onduko ditu jarduera horrek, etzi [ekainak 21], 11:30ean hasita, Mutrikuko Merkatu Txikian. Tailerrak herritarrei “tresnak” eskaintzea izango du helburu, beraien eguneroko elikadura “modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean” antolatu dezaten.
Proposamenaren ardatza “argia” izango dela aurreratu dute antolatzaileek: “Egun bakarrean eta ordu biko iraupenez, aste osorako janaria prestatzen laguntzea”. Beraz, tailerrean parte hartuko dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasi ahalko dute, aldi berean “dieta orekatua bermatuz”.
Horretarako, tokiko eta sasoiko produktuak baliatuko dituzte tailerrean, bertako ekoizleen beharra aintzatesteko eta kontsumo arduratsua sustatzeko asmoz. Anne Otegi sukaldaria eta Aitziber Aizpuru nutrizionista izango dira gidari lanak egingo dituztenak; sukaldaritzaren eta elikaduraren arteko “ikuspegi osagarriak” uztartuko dituztela aurreratu dute. Dinamizatzaile bien eskutik, parte hartzaileek “aholku praktikoak” eta beren egunerokotasunean erabat aplikagarriak izango diren “errezetak” jaso ahal izango dituzte zapatuan.
Azoka “indarberritzeko”.
Nekazal azoka “indarberritzea” tokian tokiko azoka guztien jomuga nagusia izanik, egitasmoak indarberritze horretan “eragitea” da antolatzaileek duten helburua, jarduera horrekin. Horrenbestez, herritarrek “zuzen-zuzenean” ikasiko dute garaian garaiko produktuekin etxean “modu azkar eta erosoan” prestatzeko errezetak kozinatzen: “Ohiko errezetatik apur bat urrundu, eta egunerokoan kontsumitu ditzaketen bertako elikagaiak modu erakargarriagoan prestatzen ikasiko dute”.
Egitasmoaren antolatzaileek iragarri dutenaren arabera, tailerrak ez du izen ematerik edukiko; “bertaratzearekin nahikoa” izango da. Gainera, bertaratzen direnek egunean kozinatutako jakiak dastatzeko aukera edukiko dute. Ez hori bakarrik: tailerrean egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dituztela iragarri dute.