Andra Mari jaietako kartel lehiaketa martxan jarri du Ondarroako Udalak
Aurreko urteko formatua jarraituz, aurten ere, herritarrek aukeratuko dute Ondarroako Andra Mari jaiak iragartzeko kartela.
Joan den urtean Ondarroako jaietako kartela aukeratzeko formatuak izandako “arrakasta” ikusita, aurten ere kartelaren aukeraketa modu berean egitea pentsatu du udalak. Hala, 2026ko Andra Mari jaietako kartela herritarrek aukeratuko dute bigarrenez.
Udaletik azaldu dutenez, lehiaketak bi fase izango ditu: kartelak egitekoa eta herritarren bozketa. Lehenengo fasea zabalik dago ekainaren 20ko 13:00etara arte, eta udal erregistro orokorrean edo Ondarroako Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko da, postaz aurkezteko hurrengo helbidera: Ondarroako Udala-Jaietako kartel-lehiaketa 2026- 48700 Ondarroa. “Aldi honetan kartelak aurkezteko aukera izango dute nahi duten guztiek, beti ere, jarritako baldintzak betetzen badituzte”. Behin kartelak aurkeztuta, eta baldintzak betetzen dituztela bermatuta, bozketa faseari emango diote hasiera, “oraindik data zehaztu gabe dago. Iazko egiturari jarraituz, udal erakusketa aretoan jarriko dira ikusgarri lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak eta herritar bakoitzak bozka bat eman beharko du, presentzialki.
Gaia librea izango da, eta egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du, edozein teknika erabilita. A-3 edo proportzionala izan beharko da neurria, eta euskarria gogorra edo papera izan daiteke. Kartelaren tituluak ondorengo informazioa jaso beharko du: 2026ko Ondarroako Jaiak eta letra txikiagoan, Andra Maixak, abuztuaren 11tik 17ra. “Ezinbestekoa izango da aipatutako datuak zehatz mehatz jasotzea”.
Kartelek ez dute jasoko egilearen izenik, eta kartazal zarratuan sartuta aurkeztu beharko dira. Kartazalean soilik leloa edo goitizena jarri beharko da. Aipatutako kartazalaren barruan beste kartazal bat sartuko du parte hartzaileak, eta kanpoan leloa edo goitizena jarriko du, eta barruan, egilearen izen abizenak, telefonoa, helbidea, posta elektronikoa eta nortasun agiriaren kopia. Udaletik jakinarazi dute irabazleak 600 euro irabaziko dituela.
Bozketa prozesua. Aurkeztutako lanak udal erakusketa aretoan jarriko dira ikusgai uztailaren 2tik 12ra bitartean, aurkeztutako formatu berdinean. Bertan, kutxa bat jarriko da botoa emateko, eta pertsona bakoitzak gustukoen duen kartela bozkatu ahal izango du; bakarrik bozka bakarra emanez. Pertsona berdinak bozka bat baino gehiago emanez gero, emandako bozka guztiak baliogabetuko dira. Gainera, bozka presentzialki egin beharko da. Irabazlea, bozka gehien jasotzen duen kartela izango da, eta bi kartelek puntu berdinak jaso izanez gero, Ondarroako Kultura Saila izango da irabazlea nor den aukeratuko duena. Era berean, aurkeztutako kartelek ez badaukate behar besteko kalitaterik, kultura sailak saririk ez banatzeko erabakia hartu dezake.
Behin bozketa prozesua amaitzean, udalak saritutako kartelaren jabetza eskuratuko du, eta argitaratzeko eta zabaltzeko eskubidea izango du. “Horrez gain, udalak eskumena izango du, beharrezkoa ikusiz gero, QR edo antzeko elementuak kartelean txertatzeko, beti ere kartelaren konposizioa aldatu gabe. Kartelean erabilitako irudiak egilearen originalak, egileak baimenduak edo erabilpen libreko irudiak izan beharko dira”.