Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Biltzarrean parte hartu du Lekeitioko eta Ispasterko Lagunkoi taldeek
Julian Arrate lekeitiarrak eta Maite Zabala ispastertarrak eskualdea ordezkatu dute Donostiako kongresuan.
Donostian egin zen nazioarteko biltzarrak xede argia zuen: “Gizartea gero eta zaharragoa den honetan, testuinguru horrek sortzen dituen erronka eta aukeren inguruko ikuspegiak, esperientziak eta ikaskuntzak partekatzea”. Bertan, eskualdeko bi lagun egon ziren: Julian Arrate Lekeitioko Lagunkoiko kidea eta Maite Zabala Ispasterko Lagunkoi eta Nagusien kontseilaria.
“Biztanleria zahartzearen ondorioz, hiri bizitzaren eremu guztiak eraldatzen ari dira”, azaldu du erakundeak, eta horrek erronka eta aukera berriak dakartza hainbat esparrutan: besteak beste, etxebizitzan, espazio publikoan, mugikortasunean, zaintzan, parte hartze demokratikoan, enpleguan, tokiko ekonomian, bizialdi osoko ikaskuntzan, klima larrialdian eta bizikidetza eta bizitza komunitarioko moduetan.
Arratek eta Zabalak eskualdeko esperientzia partekatu dute Euskadi Lagunkoiak antolatutako Zelan bultzatu bolondresen partaideza tailerrean, Mexiko, Colombia, Argentina, Dominikar Errepublika, Italia, Espania eta Euskal Herriko partaideen aurrean. Ispaster eta Lekeitioko herritarren inplikazioa, auzolana, udalaren laguntzak, prentsaren jarraipena eta egiten dituzten jardueren zabalkunde eta publizitate moduak “oso gustuko” izan dituzte bertako zein atzerriko bisitariek. Era berean, “biziki txalotu” zituzten hizlariek aurkeztutako adibide praktikoak. Ez hori bakarrik, Arratek aukera eduki zuen elkarrizketa batean parte hartzeko, eta bertan Lekeitioko Lagunkoi tabernen errealitatea azaldu zuen, “eredugarria dena” Euskal Herria mailan.

Lekeitio Lagunkoiaren hurrengo irteera. Taldearen X. urteurrena ospatzeko, Lekitto Bedarra taldearen laguntzagaz, Ipar Martxa ekitaldia egingo dute barikuan [ekainak 26] 17:00etan, Karraspio hondartzako dutxetatik hasita. “Ibilbide erraza eta leuna” izango da, eta bastoi barik ere parte hartzeko aukera dago. Hainbat geldialdi egingo dira, helburu argiagaz: bertoko ezaugarriak ezagutu eta auzolanean egindako ekintzak azaldu. Gainera, Santa Elenan kokatuta dagoen Sosoaga dolada barrutik ikusteko aukera egongo da, baita Santa Katalinako bide zaharreko aterpeko horma irudia ere. Izena emateko azken eguna bihar [ekainaik 24] da. Kiroldegiko harreran eman beharko da. Antolakuntzak jakinarazu du bezperan ere aukera egongo dela izena emateko, inor atzean ez gelditzeko.