Lekeition lau hildo nagusitan egituratutako egitarau oparoaz gozatzeko aukera egongo du hiru egunez.
Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak uztailaren 3an, 4an eta 5ean ospatuko du bere ekitaldi berria. Aurten, jaialdia lau hildo nagusiren inguruan egituratuko da: Kaleka Programa Ofiziala, Kaleka Scratch, Kalekaz Blai eta Kalekari, kale arteak herriko espazio publikoetara hurbiltzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko helburuagaz. Hiru egunetan Lekeitioko kaleak eta plazak arte eszenikoen agertoki bihurtuko dira. Antzerkia, zirkua, dantza garaikidea, instalazio artistikoak, tailerrak eta prozesu sortzaileen erakustaldiak izango dira protagonistak.
Urtero legez, nazioarteko eta Euskal Herriko proposamena nagusituko dira. Aurtengo jaialdiak guztira hamar ikuskizun bilduko ditu, eta parte hartuko duten konpainia eta artistak deialdi ireki baten bidez hautatu dira. Guztira, 177 proposamen inguru aurkeztu dira . Jaialdian egongo dira Berceurs du temps (Kanada), Circ Vermut eta Mumusic Circus (Katalunia), Desprovistos (Andaluzia), Haatik eta Bitsa Konpania (Euskal Herria), Bruboc (Italia), Quase Cia (Brasil), Compagnie Bivouac (Frantzia) eta Moveo (Katalunia).
Lau ildo nagusi. Kaleka Programa Ofizialak kalea sorkuntza artistikorako espazio eta euskarri gisa erabiltzen duten ikuskizun eta esku hartzeak bilduko ditu. Kaleka Scratch atalak sortze prozesuan dauden lanak aurkeztuko ditu. Ikuskizunen erakustaldiez gain, artistek eta ikusleek elkarrekin hausnartzeko eta feedback-a partekatzeko espazioak sortuko dira, tailer eta topaketen bidez. Kalekaz Blai ildoak urte osoan herrian garatzen diren prozesu artistikoak eta parte hartze ekintzak bilduko ditu, jaialdiaren presentzia hiru egunetatik harago zabalduz eta herritarrekin lotura iraunkorra eraikiz. Gainera, Kalekaz Blai programaren barruan, hainbat “proiektu berezi” garatuko dira. Horien artean, Kanadako Berceurs du temps konpainiagaz elkarlanean egingo den Artxibo Soinuduna, herritarren ahots eta grabazioak bilduko dituen proiektua; Eneritz Artetxeren antzerki fisiko ikastaroa, urte osoan garatutako prestakuntza-prozesuaren erakustaldiagaz; eta Espazioa eta Argia / Objektu Argidunak egitasmoa, haur eta gazteekin egindako sorkuntza tailerren emaitzak herritar guztiekin partekatzeko. Kalekari programak publikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko harremana aztertzeko eta indartzeko jarduerak proposatuko ditu. Aurten, Moveo konpainiaren Ballar Sol És Un Pal ikuskizun parte hartzailea izango da ekimen nagusietako bat, ikusleak sorkuntza-prozesuaren parte aktibo bihurtuz.