Klik Mutriku Energia komunitateak lehenengo Batzar Orokorra egingo du ekainaren 29an
Batzar Orokorra Zabiel Kultur Etxean ospatuko da, 19:00etan. Klik Kooperatibako bazkide guztiak daude gonbidatuta.
Klik Mutriku Energia Komunitatearen lehenengo Batzar Orokorra egingo dute ekainaren 29an [astelehena], 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Orain arte egindakoa eta aurrera begira egingo direnak mahaigaineratuko dira, eta Klik Kooperatibako bazkide guztiak gonbidatuta daudela zehaztu dute.
Klik Mutriku irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritarra da, borondatezko partaidetzan oinarritutakoa. Bost helburu nagusi ditu definituta kooperatibak: “Energia berriztagarriak sustatzea, autokontsumoa handitzea, hau da, norberaren kontsumora bideratutako energia ekoiztea, energia gaietan herritarrak heztea eta ahalduntzea, energia fakturak hobeto ulertu eta gastua gutxitzen laguntzea eta pobrezia energetikoan dauden pertsonei laguntzea”.
Hainbat proiektu ditu eskuartean kooperatibak; ikastolako jolastokiko estalpean 40 kilowattotako instalazio fotovoltaikoa jarri dute, eta eguzki plakak ere jarriko dituzte herrian. “Energia berriztagarria sortzea eta herrian bertan kontsumitzea oso garrantzitsua dela uste dugu”.
Izan ere, autokontsumo kolektiboaren aldeko apustua egiten dute Klik Mutriku Energia Komunitatetik: “Inbertsioa modu kolektiboan egiten da, hau da, bazkide guztian artean. Energia Berriztagarrien Komunitatea arduratuko da haien instalazioa gauzatzeaz, finantzatzeaz eta mantentzeaz”. Gainera, zehaztu dute, ez dela beharrezkoa instalazioa norbere teilatuan jartzea, “horrek baldintza onenak ez dituztenek ere tokian sortutako energia kontsumitzea ahalbidetzen du”. Hala ere, azpimarratu dute, bost kilometroko distantzian bizi direnek bakarrik edukiko dutela kontsumitzeko aukera. “Instalazio fotovoltaikoaren bidez ekoizten den energia, beraz, sortzen den momentuan bertan kontsumitu behar da eta horrek saretik erositako elektrizitate kopurua murriztea eragiten du eta beraz, baita argindar faktura ere”.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da; beraz, irabazirik egotekotan, kooperatibak ez du bazkideen artean banatuko: “Irabaziak kooperatibara itzuliko dira, bazkideek erabakitako proiektuetan berrinbertitzeko“.